Dirurik ez, lehentasunak bai
Mendearen esaldia: Ez dago dirurik. Bederen, guk ikusten ditugun
beharrentzako inoiz ez dago dirurik. Ez da hainbesterako …, alarmista batzuk
omen gara. Garrantzia kentzen diote, saiatzen dira jendeari saltzen
errealitatearen beste irudi bat, beraien irudia, “Yupiren” munduko irudi hori,
baina betidanik nahiko “happy” izanik ere, zin dagizuet inon ez dudala halako
mundurik ikusi, ez dakit non dagoen. Egiatan ez naizela pertsona ezkor baina
honek, nik ikusten dudan mundu honek, egunerokoak, oso itxura txarra du.
Ikastetxeen egoera tamalgarria ikustea dagokit, UNPren ustez denena ez da
hain txarra, eskerrak!!! baina zenbaitena bai; eta gero eta okerragoa dela
baieztatzen ahal dut, espazio falta edonon. Horri lotuta planifikazio falta
salatu dugu, hezkuntza proiektuak aurrera eraman ahal izateko toki nahiko ez izatea,
edo akaso erran beharko nuke planifikazio sobera egon dela? Honek ez du
kasualitaterik ematen, horrelakoetan, kasualitatetan, ez dut sinesten. Bereziki
Iruñerrian D ereduan gertatzen ari dena, susmagarria da, ezta?
Gobernatzea lehenestea dela errepikatzen digute, eta argi dugu hori, eta hori
bezain argi beraien lehentasuna zein den jarri digute. Iribas kontseilariak
aurreratu zigun onartu genuen legea -sexuaren araberako segregazioa zela eta-
ez zuela gustuko, nolabait iragarri zigun betetzearena … kolokan zegoela. Erran
eta egin, korrika eraman dute Madrilgo Kongresura zuzenketa bat ikastetxe hauen
finantziazioa bermatzeko. Larria, oso, hemengo legea ez betetzeaz gain
Hezkuntzan dugun eskumena beraiei oparitzen baitiete zilarrezko ontzian. Ez
dago dirurik, ez, baina … lehentasunak bai L