Gomendioaren
gomendioak
Lana ez dagoenean, langabeziaren
zenbakiek izutzen gaituztenean, lana sortzeko politikatan zentratu beharrean,
hezkuntzan inbertitu beharrean Unibertsitatea oso garestia ateratzen dela segitzen
dugu aditzen, batez ere letretako karrerak… Akaso ikasle batzuek aukera hori
izanen dute besteok… hobe dute atzerrira joatea pizzak egitera. Gezurrak
gezurren gainean, argudiorik gabe...
Zer da lan irteera? Zer karrerek
dute halakorik? Argi izan beharko dugu, horiek
aukeratu behar omen. Adituek diote Unibertsitatean ikastea oso garestia dela
eta oraindik aurrera aukeratu beharko dugula Madrildik erraten digutena: Lan irteera dituzten ikasketak … , espero dut
denok ez hartzea bestela lan irteerarik gabe geldituko dira ere…
Halaxe bota du lasai ederrean
Hezkuntza Estatuko idazkariak, Gomendio andereak, hau gomendioa! Abizena ezin hobe datorkio. Bidenabar probexten du aipatzeko gaur egungo
ikasleek jakin gabe aukeratzen dutela, aholkurik gabe, berriro ere tutoreek eta
orientatzaileek egiten duten lana ezagutu gabe eta gutxiezten … Ez dakit nork
aholkatu zion berari bere unean, ez dakit zergatik aukeratu zuen aukeratu
zuena. Biologia ikasi zuen, Biologiak
lan irteera zuen garai horretan? Ikerketa arloan aritu da Gomendio anderea eta
horregatik harritzen naute oraindik gehiago bere adierazpenek. Ikerketan
aritzea, lan irteera da? Erranen nuke PPk ez duela horrela onartzen,
zientzialariek gero eta babesa gutxiago sentitzen dute. Hemen ez dute ez
inbestigazioan sinesten, ez hezkuntzan, soilik lan merkatuan, gauzatzat,
makinatzat hartzen gaituzte beraientzako diru erreza ateratzeko besterik ez.

Ez naiz ni letretakoa, ezta
horrelako sailkapenik egitearen aldekoa. Nahiz eta Unibertsitateko hezkuntza
politikan aditua ez izan, argi dut gizartean dauden beharrei erantzuna eman
behar diela, Unibertsitateak ezagupenaren oinarria jartzen duela eta hori noski
ez dela moldatzen “letretako karrerak” alde batera utzita. Ezin da etxe bat
eraiki soilik zementokin, hori baino askoz ere gehiago behar dugu, ez da hala?