lunes, 24 de febrero de 2014

Panderetazko demokrazia honetan


Aitortu beharra dut: Bai, nahasia nabil, oso, ez dakit nire barrenean zer gailentzen den poza ala lotsa.

Alde batetik buruan ditut azkeneko irudiak dantzan, milaka pertsona geunden Iruñeko kaletik hauteskundeak eskatzen eta pozez gainezka bueltatu nintzen etxera (probestuko dut momentua aholkatzeko udaltzainei abako bat eros dezaten, ala 8000 akaso). Hala ere, suposatzen dut zuek bezala,balizko zentsura mozio honekin kezka handia dut ez ote den berriro izanen sozialisten beste trikimailuren bat, enegarrena.  Tira, kezkarako egun gutxi ditugu aurretik eta larunbateko jendetzak berriro ilusioa piztu zidan.


Bestetik, dakizuenez, gure herri honetan zaila da ilusioa mantentzea eta etxera heldu orduko Auzitegi Nazionalak erabat zapuztua zuen. Barne ministroaren gutxiespen hitzak gutxi balira egoera sinestezina bihurtu du Auzitegi Nazionalak egiaztatzaileak deklaratzera deituz. Hori lotsa!!! Hau panderetazko demokrazia honetan bakarrik gerta daiteke.





Twiterren ikusitakoarekin bat nator, gustuko izanen nuke egiaztatzaileen hitzak Auzitegian 579 aldiz  holako zehazgabekeriak izatea: “ ez dakit”, “ez naiz oroitzen”…. Azken boladan norbait ezagunak halakoak ederki bota baititu.

lunes, 10 de febrero de 2014

Beroan egindako itzulketa




Aldapa behera doa erregearen alaba irribarretsu, egia erran ez zait axola ea kotxez ala oinez egin duen bidea.



Beste bide bat dut buruan, etorkin batzuen azkeneko bidaia. Oztopoz oztopo, mundu hobe baten bila heriotza aurkitu dute, heriotza joan da beraien bila. Egun horretan beste hainbestetan bezalaxe ehunaka saiatu ziren sartzen. Atzean gosea, pobrezia; aurrean kolpeak, zauriak, batzuetan, gutxitan, itxaropena. Beraien kezka ez da oinez ala kotxez sartzea, beraien kezka sartzea besterik ez da, saiakera desberdinak egin zituzten azkeneko ibilbide madarikatu horretan, menditik, errepideetatik, itsasotik.


Hil dira, hil dituzte. Dena zilegia dela diote: zilegia labanaz betetako hesia, zilegiak Goardia Zibilak botatzen dituen gasak eta gomazko pilotak eta zilegia zain egotea Marokoko poliziei emateko. Legala den azkeneko krudelkeria horri beroan egindako itzulketa deitzen diote.

Infantaren ibilbidea gordetzen ere polizia zegoen, aldapa horretan ez da itzulketa berorik izan, ez infantarena, ezta ebatsitako diruarena ere.

Zalantzarik gabe justizia berdina da denontzako.



Seguidores