Hezkuntza legegintzaldia den honetan Barcinak otoitz egiten du, hasierako
iragarpen hori urrun dago baina orduan hasitako murrizketa zaparradan ez da
modurik aterpea bilatzeko, etengabeko ekaitza bizitzen dugu hezkuntza publikoan.
Iribasek desbideratu gabe irmo segitzen du jabeak zehaztutako bidea;
horretan erakutsi digute hezkuntza komunitatea hautsia nahiago dutela, hezkuntzan
burutzen den lana uneoro zalantzan jarriz gurasoak irakasleen kontra agertzea
dute helburu. Hasieran ordu kontua izan zen, gutxi zenez eskola ordu gehiago
ezarri zuten, aurreko ikasturtean D ereduaren kontrako erasoa, orain PAIri
dagokio txanda, ingelesez ikasteko programari.
Ez, ez da gai berria, aspaldikoak ere egindako kritikak. Nahita saiatu dira
bazterrak nahasten, hizkuntzak kontrajartzen, ezinbesteko aukeraz mozorrotu
dute ebaluaziorik gabeko sasi-programa hau baina egia azaleratzen ari da. Horren
gaineko argia ez dator beraien izar faltsu honetatik, hezkuntzan aritzen diren
sindikatu guztiek programaren gabezi larriak adierazi dituzte.
Iribasen erantzuna, zein? Sindikatuek ez dakitela hezkuntzaz, ez dakit ba
zertaz jakinen duten! Harritzeko modukoa litzateke ezagutuko ez bagenu betiko
estrategia. Oraingo eraso honetan, irakasleek aldaketari beldurra diote, erosotasunean
murgilduta daude eta ez dute berrikuntzarik nahi.
Irakasleok pedagogiaz deus ez dakigu… ikas dezagun ba, atsedenaldietan, otoitz
eginez, Jainkoaren inspirazioaz.