Beraien legea aldatu egin dute deus ez aldatzeko, makillaje besterik ez da
izan, ez dute aurten ere ez D eredua bultzatuko, ezta jantoki eta garraiorako
laguntzarik emanen, erran genuen hasieratik, hau beste tranpa bat zela; PSNk
berriro UPNren esku utzi nahi zuela hizkuntza politika eta hori ez dela
euskarak behar duena.
Euskarak, baita herriak ere, merezi dute errespetua, ez pairatu dugun
txiringitismo politika. Politika horri egun gutxi gelditzen bazaio ere aitortu
behar dizuet PSNren jokuak kezkatzen nauela, betiko anbiguotasunak amorratzen
nauela. Orain, berriro, hauteskunde urtea izanik aldaketaren alde omen daude,
orain arte oztopatu duten aldaketaren alde, baina jakina, aho txikiarekin.
Benetako asmoa dute partida hau bigarren buelta batean jokatzea. Iraingarria da
horrela aritzea, aspaldidanik luzapenean egonda.
Oso luzea izan da legealdi hau, luzeegia, baina baloia hanketan segitu nahi
dute, beraien politika, hizkuntza politika barne, segitu nahi dute, bitartean
guri dagokigu hilabete eskas honetan euskaraz bizi nahi dugula berriro
oihukatzea.
Atzo Faltzesen eta larunbatean Anaitasunan!