Zerutik erortzen den dirua
Ziur etxean noizbait aditu duzula
dirua ez dela zerutik erortzen, nik aitortu beharra dut, aditzeaz gain erran ere
egin dudala. Nire herrian bederen ez da Botinen lorategian bezala gertatzen. Botin
jaunaren hitzak normalean arrotzak eta nahiko mingarriak egiten zaizkit baina Pobrezia ezabatzeko nazioarteko egunean
aditzea dirua barra-barra sartzen ari dela sumintzeko modukoa izan zen. Holakorik botatzea pobrezia gero eta handiagoa
denean lotsagabekeria ederra da, baina hori noski bost axola, honi inporta
zaiona da bere poltsiko betea izatea eta badirudi horrela dagoela.
Aldi berean, egun berean,
periodikoetan irakurtzen ahal dugu Oinarrizko jendarte zerbitzuen mankomunitateentzat
ez dagoela dirua, 0-3 urteko haur eskolentzako ere ez, babesik gabeko 500 ume
baino gehiago daudela, oinarrizko errentari buruz hobe ez solastea ere…
Hau guztia, egunerokoa, ikusita
galdera batzuk etortzen zaizkit burura: Non dago diru hori, zerutik erortzen
omen dena? Nork dauka? Zergatik ez du behar gehienak dituenak? Banketxeak
erreskatatu egin ditugu, bai eta noizko pertsonen erreskatea?