lunes, 24 de marzo de 2014

EUSKARAREN UDABERRIA


Udaberria heldu da eta berekin espero genezakeen eguraldi onak eskapo egin du, bere ordez elurra etorri da. Elur malutekin udaberriari ongi etorria emateak bere xarma du, Nafarroan horrek ez gaitu harritu, azkeneko boladan ezohikoa dena arrunta bihurtu da. Hala ere, berdin da nola, udaberria jadanik hemen dugu; euskarak ere bere udaberria behar du, berdin da udaberri hori nola hasten den, kontua da bukaera gabeko negua ez onartzea batzuek nahi duten bezala.
Inoiz ez dut ulertu gurasoek mina ematea bere txikiei, gurasoak seme alabei zaintzeko, babesteko, maitatzeko, hezteko, laguntzeko daude. Inoiz ez mina emateko. Euskara ez da haur bat, gurasorik ez ditu, baina izan beharko luke lege bat, hizkuntza politika bat babesteko, sustatzeko, zabaltzeko, sendotzeko. Ez du, ordea, mingarria bada ere sendotu beharko lukeena itotzen saiatzen da behin eta berriro.

Aldaketa garaia dela aditzen dugu nonahi eta egia da eraldaketa behar dugula, ez gezurrezkoa, ez sasi aldaketa. Nik ere uste dut etortzear dagoela, baina ezin gara gelditu nork ekarriko duen zain, aldaketa - euskaraz biziz - gutako bakoitzak ekarriko du elur malutek udaberri ekarri duten bezala. 

lunes, 10 de marzo de 2014

Martxoak abuztu duen arren denak ez du balio





Martxoak ditu atsotitz anitz, beste batzuen artean batek dio txertorik onena martxoan egiten dela, eta akaso hori izan da PSNk egin duena, txertoa prestatu. 15 hilabeteko txertoa, duintasunaren kontrako txertoa, aldaketaren kontrakoa, ilusioaren kontrakoa.
“Barcina ez badoa guk kanporatuko dugu”, halaxe erran zuten PSNkoek. Gaizki hasi ziren, erranez, arrazoiak egotekotan botako luketela baina…arrazoiak aspaldidanik daude, ez dira berriak, ez zen ikerketa batzorderik behar UPNren politika gaitzesteko.  Ez al genekien denok UPPSNko hau txiringito-politika dela? Gu kanpoan izanik ohartu gara, beraiek barrenean egon direnean askoz gehiago jakinen dute, ezta?
Bagenekien fidatzekoak ez zirenik, ez direla, baina pasa ditugu egun batzuk non sinetsi nahi genuen ez zirela berriro ausartuko, ez zigutela berriro ziria sartuko. Bitartean Madrilen zein Nafarroan ederki astindu dituzte betiko mamuak eta horrela 15 hilabete segituko dute gu ixildu nahian .


Atsotitzekin hasi eta horiekin bukatuko dut ere. Martxoak maiazten badu, maiatzak martxotzen duela dio esaera zahar batek, burura etorri zait martxoak aurten abuztu duen arren denak ez duela balio. Abuztu batean anitz ikasi genuen, martxoan oroitarazi digute, hemendik urte bateko maiatzera demostratuko dugu ixilik nahi gaituzten arren menderakaitzak izanen gaituztela. 

Seguidores