miércoles, 22 de octubre de 2014

Eta "zurea" zer? Nireak ere, izena du. Buruko gaitzak

ETA ZUREA ZER? NIREAK ERE, IZENA DU



Asteburu honetan lazo arrosak ikusi izan ditugu berriro non-nahi, arrosaz  jantzi dugu gure bizitza. Motel bada ere, batzuentzako akaso sobera motel, uste dut ari garela erraza ez den bide bat egiten. Borroka bat irabazten ari gara, minbizia gaur izendatzen dugu, ez dugu ezkutatzen, ari gara bai ikustarazten, kontzientzia sortzen, bazterkeria baztertzen, beldurrak uxatzen. Aspaldiko kanpaina batek  inpaktatu ninduen:  Eta zurea zer? Nireak, minbizia izena du.
Beste gaixotasun batzuek ere bere nazioarteko eguna dute, urriaren 10ean buruko
gaitzak izan ziren protagonista. Beldurra diogula gai honi erranen nuke, burua galtzeak izutzen gaitu. Ez da gai ezaguna, oraindik gainetik oin puntetan pasatzen gara, aipatu bai baina kontuz! ez dezaten pentsa jota gaudela.
Buruko mundu honetan gauza anitz dugu ezagutzeko, ez dira, ez, matematikak, ez dakigu oso ongi zerk eta nola funtzionatzen duen, baztertuak izateari beldurra diogu. Aurtengo leloak buruak irekitzeko eta estigmak ixteko eskatzen zuen;  buruak ireki, liburuak irekitzen diren bezala ikasteko, disfrutatzeko, zauriak ixteko, estigmak alde batera uzteko.

Naturaltasunez hitz egin dezagun, eta zurea zer? galdetzean, beldurrik gabe erantzun dezagun. Izendatzen ditugun munstroak, ezkutatzen ez ditugun horiek, irabazteko errazagoak baitira. 

martes, 14 de octubre de 2014

Liburuak, LOMCE, euskara eta zorriak

Hauteskundeak gertu daude eta batzuek erabakia dute zein izanen den erabilitako diskurtsoa, betiko argudioak ala hobe errana betiko argudio eza, edozein aitzakia ona da euskalfobia adierazteko, beldurra aisatzeko. Jakina da PPkoek gutxiesten dutela gure kezka hizkuntzaren inguruan eta UPNri eskaini diotela laguntza euskara urruntzeko ahalik eta gehien, ezkutatzeko.




Beraien errealitate bakarreko pulpitutik askoz ere inportanteagoak diren gauzak ahazten ditugula leporatzen digute, jakizue beraiek bai argi dituztela lehentasunak.
Adibidez, zorriei buruz hitz egiteko agerraldia eskatu zuten, eskaeraren arrazoiak azaltzerakoan ikastetxeak zorriz josirik zirela zirudien. Plaga hori dela eta familien kezka, benetakoa, ez da kalitatezko hezkuntza baizik eta zer produktua erostea. Hezkuntzarako aurrekontuan, Wertek bekak murriztu dituen bitartean, Nafarroan zorriak hiltzeko produktuak erosteko dirulaguntza aurreikusi nahi dute. Sendagai batzuk laguntzatik kanpo utzi eta koordainketa sistema zabaldu duen alderdia horrelakorik defendatzea harrigarria iruditu zitzaidan baina hori baina okerragorik ere aditu behar izan genuen. Oraindik ez dut ulertzen zergatik baina zorrien agerraldia hasi zen testuliburuen aipamenarekin, PPk euskara eta euskal literatura lantzeko liburuen zentsura zoriondu zuen.

Hasia naiz pentsatzen akaso zorriek ez dutela izan begirunerik Nafarroako errealitate instituzionalarekin, igual entelekiak nahasi egin dituela, ez dakit, baina pedikulosiarekiko tamainako kezka bakarrik uler daiteke zonifikazioa hautsi duten zorri euskaldunak badira.


Seguidores