Hauteskundeak gertu daude eta
batzuek erabakia dute zein izanen den erabilitako diskurtsoa, betiko argudioak
ala hobe errana betiko argudio eza, edozein aitzakia ona da euskalfobia
adierazteko, beldurra aisatzeko. Jakina da PPkoek gutxiesten dutela gure kezka
hizkuntzaren inguruan eta UPNri eskaini diotela laguntza euskara urruntzeko
ahalik eta gehien, ezkutatzeko.
Beraien errealitate bakarreko
pulpitutik askoz ere inportanteagoak diren gauzak ahazten ditugula leporatzen
digute, jakizue beraiek bai argi dituztela lehentasunak.
Adibidez, zorriei buruz hitz
egiteko agerraldia eskatu zuten, eskaeraren arrazoiak azaltzerakoan ikastetxeak
zorriz josirik zirela zirudien. Plaga hori dela eta familien kezka, benetakoa,
ez da kalitatezko hezkuntza baizik eta zer produktua erostea. Hezkuntzarako
aurrekontuan, Wertek bekak murriztu dituen bitartean, Nafarroan zorriak
hiltzeko produktuak erosteko dirulaguntza aurreikusi nahi dute. Sendagai batzuk
laguntzatik kanpo utzi eta koordainketa sistema zabaldu duen alderdia
horrelakorik defendatzea harrigarria iruditu zitzaidan baina hori baina
okerragorik ere aditu behar izan genuen. Oraindik ez dut ulertzen zergatik
baina zorrien agerraldia hasi zen testuliburuen aipamenarekin, PPk euskara eta
euskal literatura lantzeko liburuen zentsura zoriondu zuen.
Hasia naiz pentsatzen akaso
zorriek ez dutela izan begirunerik Nafarroako errealitate instituzionalarekin,
igual entelekiak nahasi egin dituela, ez dakit, baina pedikulosiarekiko tamainako
kezka bakarrik uler daiteke zonifikazioa hautsi duten zorri euskaldunak badira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario