Aitortuko dut, flamenkoa ez dut gustuko, orokorrean ez naiz ni batere dantzazalea, inoiz ez naiz izan, akaso nahiko dorpea naizelako eta nire erritmoa inoiz ez doalako bat instrumentuek jotzen dutenarekin. Gutxitan hunkitzen nau dantza batek, noizbait bai, azkeneko Berako bestetako aurreskuak, adibidez, baina hori beste gai bat da. Ez dezazuen pentsa harro nagoela honetaz, penatzen nau, jakin badakidalako dantzak, eta folklorea orokorrean, gure ondare kulturalaren barnean daudela, zaindu eta transmititu beharrekoak. Penatuta ere, ez dut uste nire ezgaitasun honek nafartasuna kentzen didanik: nafarra naiz eta… euskalduna! Euskalduna, bai, eta nafarra ez baitira hauek bateraezinak.
Euskararen Legea gustuko ez
izanik ere anitzetan irakurri dut, ez legoke gaizki horren defentsa sutsua
egiten duenak ongi irakurtzea. Bere helburuak betetzen ez dituen lege honek, bere
hitzaurrean dio, hizkuntzek toki nagusia dutela
ondare kulturalaren barruan, ez edonolakoa, nagusia! Horretaz gain aitortzen du
gizakiek komunikatzeko duten tresnarik onena eta bizitza sozialaren ezinbesteko
euskarri direla hizkuntzak, identifikazio kolektiborako osagai eta gizarteko
kideen artean bizikidetzarako eta ulermenerako faktore, hau da euskarak
nafarragoak egiten gaitu. Kontseilariak, ordez, zein den euskarak merezi duen
tokia ahantzita nahiago du flamenkoaren parean jartzea, herri izaera
ezabatu nahi du bere hizkuntza eta hezkuntza politika euskara desagerraraztera
bideratuz. Espainolak nahi gaitu, ahalik eta nafarrenak izanen gaitu.