Adierazpen askatasuna giza
eskubideen artean errekonozitua dago, herrialde anitzen konstituzioetan ikusten
ahal dugu eta ez da, ez litzateke izan behar, paperezko eskubide bat, beste
bat. Adierazpen askatasuna bermatzea ez da jendeari askatasuna ematea nahi duguna
aditzeko, baizik eta bideak irekitzea besteek erran dezaten lasaitasunez
pentsatzen dutena, pentsatzen dugunaren kontrakoa izanik ere. Erosoa ez da
izanen, funtsezkoa bai demokrazia batean, adituko ditugu gauza batzuk gustuko
ez ditugunak, mingarriak izan daitezkeenak baina hori da aniztasuna bermatzea,
hori da besteon iritzia errespetatzea. Jakina, askatasun honek nahiko muga
sentsudunak ditu, tartean delituak burutzeko deia ez izatea, ez difamatzea.
Gaur Madrilen bilduko da
indarkeriaren kontrako batzordea, larunbatean bertan Gobernuak deituta, kopako
finalean izandako txistukada delitutzat jota; deigarria da presazko deialdi hau
behar izan zutenean 3 aste erabakitzeko deus ez zutela eginen Betiseko jokalari
baten bikotekide ohiari buruzko kantu iraingarrien kasuan. Erraza da ulertzeko
panderetazko demokrazia batean, txilibituzko eskubideak dituen batean, soilik
zen emakume bat ez ereserkia, soilik indarkeria matxista.
Erranen didate nahi duten guztia
errespetuari buruz baina ereserkiari txistu egiteak irakurketa erreza du: ereserki honek adierazten duenari kritika da, herriek duten erabakitze
eskubidearen aldeko deia da, besterik ez. Horrela izanik, ni ere txistularia!