Tar-tar-tar predikatzen dute
betiko politikari batzuek, politikagintza berritu behar dela diote eta
birsorkuntza horretan dabiltza alderdi batzuk, PSN eta UPN tartean. Hitzak,
besterik ez, hitz potoloak.
Ezker abertzaletzat jotzen dut
nire burua, eta horrek nonbait baldintzatzen du politika egiteko nire
gaitasuna, gurean ez omen dago politika berritzerik, gu denok hiltzaileak gara.
Horrela, lasai ederrean bota digute orain dela gutxi. Gizateriaren aurkako
krimenak eta genozidio-ekintzak leporatu zizkidaten, ETAri ez, ezker abertzalea
osatzen garen guztioi, hitz potoloak hauek ere. Horretarako, nazioarteko
deliturik larriena leporatzeko, politikari zahar-berri horiek ez dute epaiketarik
behar izan. Motibazio politikoko indarkeriaren biktima
guztiei elkartasuna ez zuten adierazi nahi, krimen batzuk ez dituzte ahaztu nahi, beste batzuk aitortu ere ez.
Ekainean, Parlamentuak Terrorismoaren
Biktimak Gogoratzeko eta Omentzeko
artelan bat handitasunez jarri zuen omenezko toki batean. Hilabete
batzuk beranduago, 15 aldiz gutxiago gastatuz, 1936ko kolpe militarraren
ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei
errekonozimenduaz kokatu du plaka bat, hori bai: igotzeko eskaileretan, gonbidapen
ofizialik gabe eta jendea edonola eskaileretan pilatuta.
Hauek ez dira hitzak, ekintzak baizik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario