BERAKO ELKARTASUN KALEJIRA
Aurten ere izanen dugu Berako bestetan, abuztuaren 4an, elkartasun
kalejira. Egia erran hobeto litzateke horrelakorik bestetan ez egotea, ez
bestetan eta ez bestelakoetan ere, emakumearen egunarekin gertatzen zaidan
bezala nahiago nuke aldarrikapen batzuk gaindituak egotea. UPNko zinegotziari
ez zaio gustatzen, niri ere ez, arrazoiak oso desberdinak badira ere. Bereak
berak azaldu beharko lituzke, inork ez ditu ezagutuko berak bezain ongi,
kostata uler daiteke zergatik ematen dion mina kalean jendea ikustea oinarrizko
eskubideak aldarrikatuz, akaso ez zaio gustatzen zerbait mugitzen zaiolako
barrenean, “zerbait” ez dutela ongi egin dakielako.
Nire ustez bada garaia honekin bukatzeko. Kontua ez da zigorgabetasunerako
oinarriak ezartzea edo batzuen planteamendu ideologikoekin edo pertsonalekin
bat egitea, baizik eta gizarte osoaren hobe beharrez jardutea; izan ere,
oinarrizko eskubide bat urratzen denean gizarte osoa kaltetua agertzen da; bere
erakundeak, bere baitako bizikidetasuna eta bere etorkizuna. Presoen
sakabanaketa salatu dut, hori ez da inoiz ona izan eta ez da inoiz ere izanen, presoen familien eskubideen kontra doa, familiak
zigortuak agertzen baitira. Urte anitz, sobera, pasa dugu ikusten batzuei
ukatzen zitzaiela politika egiteko aukera. Ikusi dugu pertsona anitz, sobera
ere, espetxera eraman dutela politika egiteagatik. Ez ETA kideak izateagatik,
ez ETArekin zerikusia izateagatik edo ETAri laguntza emateagatik. Ez, politika
egiteagatik preso, ez dakit ze talde kide izateagatik preso. Kode Penalaren
oinarrizko arau bat ahantziz, hau da, delitua pertsonala dela esateari utzi eta
jurisprudentzia zehatz bat martxan jarriz, talde bateko kide izatea nahikoa izan
da talde terrorista bateko kidetzat kontsideratua izateko. Horrela izanik ez
dut horretan bakarrik gelditu nahi, ez ditugu bakarrik defendatu behar euskal
preso politikoen eskubideak, euskaldunak izan ala ez izan, Nafarroakoak izan
ala ez, politikoak izan ala ez, preso guztien eskubideak defendatu behar
ditugu, pertsona guztien eskubideak, denok baititugu eskubideak. Hau gertatu
da, baina ez da gertatu den bakarra, ez da minik izan alde bakar batean eta
hori ez genuke ahantzi behar, jatorri guztietako bortizkeriek eragindako
biktima orori egin behar zaio aitortza. Bakea eraikitzeko aukera paregabea dugu
aurrean eta horretarako oinarria zein den argi izan behar dugu: egia, justizia
eta biktimen erreparazioa, biktima guztien erreparazioa.

Bukatzeko hasi bezala; elkartasun kalejira aurten ere egonen da Beran nahiz
eta bestetako programan agertu ez. Egia da erabaki hau hartu dela Kultur
Batzordean adierazitakoaren kontran eta horrela onartzen dut baina ez da izan batek
alkateari egindako mehatxuei kasu eginez, ez eta beste batzuek eginiko presioak
arreta eginez ere. Ez da agertu gustuko ez ditugun legeen arabera gauza anitz arriskuan
jartzen zirelako, gure politika egiteko eskubidea tartean, eta besteontzako
defendatzen dugun hori guretako ere defendatzeko beharrean gaude. Beste
herrietan halako erabakirik hartu behar izan dute, legeak hala behartuta
eginarazi diete eta egoera ulertuta inoiz ez gara agertu hala beharrez
hartutako erabakien kontran. Aipatutako berritasun horri jarraituz, zaila egiten zait ulertzea zergatik ez dagoen
jarrera bera gurekiko, ulertzea zergatik erabiltzen den beste eskala bat
neurtzerakoan. Badirudi ez dela bukatu batzuek edozein gauza errateko,
pentsatzeko, kalitatezko labela zuten garaia, besteok bitartean beti zerbait
demostratu behar dugula ematen du.
Espero dut, bihotzez, horrekin bukatu izana eta elkarrekin lan egitea eta
ez elkarren aurka. Bakearen alde lan egin nahi badugu elkarrekin bizitzen ikasi
behar dugu, aniztasunetik, elkarren aitortzatik. Gurea egiten dut erraten duten
hori: bakea gugan hasten den hori, haurtzarotik, helduarotik, zahartzarotik,
ezagutzatik, hitzetik, keinuetatik, elkartasunetik. Has gaitezen bakea
eraikitzen, has gaitezen elkar aditzetik, elkar ulertzetik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario