Hizkuntza inposizioa eta euskaldunon osasun
paregabekoa.
Aspaldi dakigu Nafarroan euskaldunok ikusmena hobea dugula erdaldunek
baino, horregatik karteletan letra txikiagoa erabiltzen dute euskaraz idazteko.
Orokorrean osasun hobea omen dugu,
horregatik osasun kanpainak ez dira beti elebidunak. Aurreko
egunean deskubritu nuen entzumena ere
hobea dugula, badirudi euskaldun gorrik ez dagoela, horregatik zeinu hizkuntza
erabiltzekotan gazteleraz egin behar omen da.
Egun horretan parlamentura etorri ziren entzuteko urritasuna duten
pertsonen elkarteko ordezkariak, beraiekin zeinu hizkuntzako interprete bat etorri zen, lan saio horretan gehienak gaztelaniaz aritu ziren, honaino
deus ez berria. Urte berriak ez ditu “betiko” ohiturak aldatu eta bati bururatu
zitzaionean euskaraz egitea -hau bekatua- gehienek itzulpena behar izan zuten. PPrentzat
hau beste inposizio bat izan zen nahiz eta inolako arazorik gabe, naturaltasun
osoz, zeinu hizkuntzako interpreteak kaskoak jarri eta bere lanarekin segitu.
Arraroa bada ere, kasu honetan ados nago, hizkuntza inposizio bat egon zen
baina ez haiek aipatzen dutena. Beraiek, PPkoek, ez omen dute ulertzen zergatik
erabiltzen dugun euskara denok gaztelania ulertzen dugunean, ziur aski berriz ere ahaztu
baitzaie euskara gure hizkuntza dela. Hori, edo...igual ez dakite zeinu hizkuntza ez dela
unibertsala, beraz kontuan izanik itzulpena gaztelaniatik izan zela; bietako
bat aukeratu egin behar: edo urratu zen euskaldun gorrek duten eskubidea euskaratik
itzulpena izateko edo ez dago euskaldun gorra denik.
Zalantzarik gabe, bigarrena aukeratzen dut, argi dago Nafarroan osasunaren
alde egiten ahal den aukerarik onena euskara jakitea dela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario