lunes, 27 de mayo de 2013

Lurrikara garaiak


Lurrikara garaiak

Neguko eguraldia, negu aparta, ez arrunta, dagoeneko maiatzean eta neguan gaude, egunero joan eta etorri mendatetik barna eta oraindik elurra ikustea ez da, tamalez, zerbait arraroa. Alboetan luiziak, sobera euria bota omen du, beste urte batzuetan baino hiru aldiz gehiago eta lurrak ezin xurgatu. Dena mugitzen zaigu … Bizitzen ari gara inolako zalantzarik gabe lurrikara garaian. Lurrikarak ez soilik fisikoak, ekonomikoak eta politikoak ere bai, edo batez ere horiek dira mugitzen gaituztenak.

Bitartean Gobernu-dortoka, saiatzen da mundutik ihes egiten bere oskola gogor horrekin errealitatetik babestuz, beraientzat ez dago lurrikararik. Saiatzen dira guri demokrazia lekzioak ematen, betiko jokoan segitu nahi dute aritzen, onak eta gaiztoen jokuan, baina ez gaude horretarako, nekatuak gaude horretaz, benetako demokrazia behar dugu, benetako justizia soziala, denontzako eskubide berberak bermatzen dituena. Hemengoa izan ala kanpokoa, emakume zein gizon, presoa zein libre, etiketarik gabeko pertsonen beharrei erantzuten diona.

Itxaropen batekin bizi naiz azkeneko boladan ea egunen batean jaikitzerakoan lurrikararen batek dortoka hankaz gora jarri duen, oskolaren gainean kulunka, miseria guztiak agerian, ea horrela denon artean gai garen bere politikak bidaltzeko Madrilgo lagunenekin batera hemendik urrun. Akaso egunen batean agertuko da berriz eguzkia, ziur baietz,  eta orduan guk ere gure udaberri iraultzailea izanen dugu.

 

lunes, 13 de mayo de 2013

LOMCE: Profilaktikoak erabili ezean, atzera martxa erabiliko dute?


2012ko irailean LOMCE-ren  lehenbiziko zirriborroa ezagutarazi ziguten, horren geroztik pasa dira 9 hilabete, haurdunaldi bat. Orain arte, aurreproiektuarekiko kontrako jarrera adierazi dugu, kalean oihuka eta instituzioetan adierazpen eta mozioen bidez, gure mozioei "profilaktiko" izena jarri diete PPkoek. Profilaktikoak izanen balira hau ekidin izanen genuke baina horretarako berandu da ja … haurra bidean dago. Haurra malformazioekin dator eta amaren bizitza, Hezkuntza publikoarena, arriskuan jartzen du, akaso horrengatik aurreko astean kaletik ikusi dugu berriro ere jendeak ezetz erraten diola Hezkuntzaren balizko hobekuntzarako erreformari, ezetz murrizketei, ezetz gezurrei.

Ez dakit kasu honetan zer ekografia berria erakutsi nahi izanen diguten, memoria ekonomiko berri bat?,  beste zirriborro bat? Edozein kasutan kolorezko zelofan paper berria, beste  gezur bat aurrekoen gainetik.  Bere gorputzari buruzko erabakiak hartu nahi dutenei bezala erruduntasun sentsazio bilatu nahi izanen dute. LOMCE-ren kontra agertzen bazara,  atzerakoia zara, beti ezetzean zaude, ez duzu jendartearen garapena bilatzen.  Legea denon onerako baita, sistema jasangarria izateko, eszelenteak izateko… tar, tar, tar.

Nik ez dut hori nahi, denontzako kalitatezko hezkuntza publikoa  integrala nahi dut, inklusiboa, laikoa, ditugun beharrei erantzuten diena, hainbeste eskatzea da?

Gobernuak momentuz atzeratu du prozesua. Prozesua eta lege hauek ez dute inolako babes sozialik, Elizaren ingurukoa besterik ez, eta babes hori ezagutuz, ez aborturik, ez profilaktikorik… bakarrik gelditzen zaigu eskatzea atzera martxako metodoa erabil dezaten eta lege hori argia ikusi behar ez dutenekin batera gorde dezaten.

 
 


LOMCE-ri berriro ezetz borobila

Seguidores