lunes, 16 de diciembre de 2013

ETBk ere umezurtz utzi gaitu





Ez dut uste inor harritu izanen denik Barcinaren jarrerarekin ETB-k egindako saiakeraren aurrean. UPNk hagitz ongi badaki aitzakiak asmatzen,  inolako lotsarik gabe aitzaki zerrenda luze bat zabaldu dute garai honetan. Bitartean urteak eman ditugu aldarrikatzen, exijitzen, ETB ikusi ahal izatea. Lehenago errespetu instituzionala aipatu zuten; gero, arazo teknikoak izan ziren argudioa; ondoren, arrazoi ekonomikoak. Aski da ipuinekin, hagitz ongi baitakigu borondate politikoaren kontua dela, eta arazo politikoa izanik erantzuna ere politikoa izan behar da, ez da EITB irtenbidea eman behar duena.

Kezkagarria bada ere UPN Parlamentuaren aginduak ez errespetatzea, kezkagarriagoa da bakarrik konfrontazioan erosoa sentitzea; gatazkan besterik ez daki mugitzen eta ez dagoenean, artifizialki bada ere, sortarazi behar ditu. Jakin ere, badakigu  bide horretan mugitzea ez dela erraza baina penagarria deritzot ETB umezurtz utzi izanari. Guk babesa eman genion EiTBri nahiz eta jakin hori ez zela merezi genuen konponbidea; bigarren mailako trataera irentsi genuen tripako minez itxaropenaren izenean, beraiek bitartean ezta egun bat ere ez diote aurre egin Barcinaren mehatxuari. Triste, oso.

Onartezina da Nafarroan ETB ikusi ala ez Eusko Jaurlaritzan edo Nafarroako Gobernuan dauden agintarien araberakoa izatea. Behin betiko irtenbidea nahi dugu, merezi dugu, horregatik premiatzen ditugu ez EITB, Gobernuak baizik.

lunes, 2 de diciembre de 2013

UPNren hizkuntza politika: euskarari jarritako kontzertina



Euskararen nazioarteko eguneko ospakizunak prestatzen aritu da egun hauetan UPN, bere hizkuntza politika gero eta gehiago zehaztuz. Harrituak, suminduak ere, D ereduaren kriminalizazioa ikusi dugu, irakasleona, familiena, ikasleona, euskararena azken finean. Euskarak dena zikintzen omen du.  Dakigunez UPN-k euskara altxortzat hartzen du, hori bai, altxor debekatutzat. Horregatik zonifikazioa, euskara itotzea, ahalik eta jende gutxien uki dezan, mugak altxatu eta muga horietan laban-xaflak dituen alanbrea, kontzertina deitzen duten horietakoa.

Melillan giza eskubideak urratzen dituen alanbre madarikatu horren eragina egiaztatzen den bitartean- hemen beste hizkuntza politika hilkorrago bat bilatu arte- UPN-k segitzen du bere kontzertina politikarekin. Egia da kontzertinak ez duela minik ematen merengek bezala, ez du kolperik ematen, urratu egiten du larrua, zauritu egiten du, odolustea eragiten du. Gure hizkuntza eskubideak larriki zaurituak daude UPN-ren hizkuntza kontzertina dela eta.  Kasu honetan ere PSN-k “sarrera” beste modu leunago batean kontrolatzea eskatzen du, gure ustez gakoa ez da kontrol mota, berdintasuna baizik. Euskarak merezi duen tratua aldarrikatzen dugu, hizkuntza eskubideak  bermatzea. Ez dugu amore emanen, berdin da zein den jartzen diguten muga, kontzertinak ez du euskara geldituko.


 

Seguidores