Ez dut uste inor harritu izanen denik Barcinaren jarrerarekin ETB-k
egindako saiakeraren aurrean. UPNk hagitz ongi badaki aitzakiak asmatzen, inolako lotsarik gabe aitzaki zerrenda luze
bat zabaldu dute garai honetan. Bitartean urteak eman ditugu aldarrikatzen,
exijitzen, ETB ikusi ahal izatea. Lehenago errespetu instituzionala aipatu
zuten; gero, arazo teknikoak izan ziren argudioa; ondoren, arrazoi ekonomikoak.
Aski da ipuinekin, hagitz ongi baitakigu borondate politikoaren kontua dela, eta
arazo politikoa izanik erantzuna ere politikoa izan behar da, ez da EITB
irtenbidea eman behar duena.
Kezkagarria bada ere UPN Parlamentuaren aginduak ez errespetatzea, kezkagarriagoa
da bakarrik konfrontazioan erosoa sentitzea; gatazkan besterik ez daki mugitzen
eta ez dagoenean, artifizialki bada ere, sortarazi behar ditu. Jakin ere,
badakigu bide horretan mugitzea ez dela
erraza baina penagarria deritzot ETB umezurtz utzi izanari. Guk babesa eman
genion EiTBri nahiz eta jakin hori ez zela merezi genuen konponbidea; bigarren
mailako trataera irentsi genuen tripako minez itxaropenaren izenean, beraiek
bitartean ezta egun bat ere ez diote aurre egin Barcinaren mehatxuari. Triste,
oso.
No hay comentarios:
Publicar un comentario