lunes, 27 de enero de 2014

Malkoak ez dira irristatzen diren bakarrak


Malkoak ez dira irristatzen diren bakarrak

10500, horrela ikusita ematen ahal du zenbaki arrunta dela, baina batzuentzako ez da hala, zenbaki bat baino gehiago da, hain zuzen ere N121A errepidetik mugitzen diren ibilgailuak, tartean kamioi aunitz. Egunero, 10500 kezka, horrela aditu dut azken egun hauetan. Kezka, beldurra, inpotentzia, bakardadea… Nafarroako beste eskualde batean horrelakorik onartuko lukete?


Aste batean hiru istripu suertatu dira, eta ausartzen dira erratera hor ez dela deus berezirik gertatzen, deus ez?  Hori normala da? Euria kontua dela? Ez dute hemengo klimatologiaren berri? Ez da lehorra bada! Euritsua baizik. Eguraldia ez da berria eta egoera ere aspaldiko kontua, hamaika aldiz salatu dugu eta lortu dugun bakarra hitzak izan dira, neurririk ez.


Guk bitartean ez dugu hitzik aurkitzen, emozio zurrunbilo honetan zaila da oso hitz egokiak harrapatzea, zer erran familiakoei, lagunei? Malkoak ez dira irristatzen diren bakarrak, kotxeak ere errepide madarikatu horretan. Samina ikusten dut begi anitzetan, amorrua, ezina, … ikusi bai eta ulertu ere.


Istripu gehiagorik ez! N-121-A konponbidea orain!




No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores