Atzo denok Greziara begira ginen, Syrizaren garaipena pozgarria izan da,
oso, austeritatearen kontrako politikak irabazi du, duintasunak irabazi du. Lasai
izan, ez naiz ni hasiko nor dagoen hemen Syrizatik gertuago, nor lehenagotik, eta
bai, badakit hau ez dela Grezia, Nafarroa bazik. Hala ere ukaezina da gertatutakoak
itxaropena piztu duela, aldaketa haizea nabaritu dugula gure aurpegian, Europan
hasi den aldaketa gertu dugula guk ere.
Hauteskundeak hortxe ditugu, eta hasiak gara denok aurre-kanpainaren aurre-kanpainarekin.
Esparzak, akaso Syrizak mugitutako haizearen eraginez, auto-aldaketa dakarrela
saldu nahian iragarri digu, lotsarik gabe 900 plaza aterako dituela Hezkuntzan
hurrengo urtean, azkeneko lau urtetan baino gehiago. Orain arte erran digute ezinezkoa
zela, Madrilgo austeritateari jarraituz hemen ezta plaza bat ere ez da atera,
hobe zela metatzea; oso garestia dela prozesua eta gainera dei efektuarengatik lan eskaintzak ekarriko
luke kanpoko jende anitz, nahiago izanen dute gureak joan behar izatea. Ez dute astirik izan, ez dute horretarako
dirurik izan, ez dute ikusi benetako
beharra zegoenik ere.
Esparzak bere gozokiaren zergatiak azaldu ditu, plantila egonkortzeko omen
da, irakasle izanik apustu handia egin nahi omen du Hezkuntzaren alde, ikastetxe
aukeratzeko askatasuna bermatuko duela. Sasi askatasuna izanen da, denok dakigun
bezala hemen zenbait diskriminazio eremutan euskaraz ikastea zigortuta dago, sare
publikoan irakasleak ito dituztela eta ikasleak metatu Lomceren ezarpenaren
zain. Nahita ala nahi gabe, ez dakit; oinak ez dituzte gelatan, beraien
gezurrezko Yupiren munduan baizik, ez da Grezia ez, baina hor zein hemen kalitatea
bermatzeko karitaterik ez dugu nahi, duintasuna baizik.