Hilabete eskas bat pasa da
gaitzak eraman zintuenetik, eta gaur goizean zutaz, zure goxotasunaz, oroitu naiz berriro ere. Ez dakit erraten
zergatik etorri zaidan zure irribarrea burura eta, hor igerilekuko burbuilen
artean nengoela, nik ere irribarre egin dut; une horretan erabaki dut gaurko
lerro hauek zuri idatziko nizkizula.

Bizitzak horrelako kapritxo ulertezinak ditu,
zuk erraten zenuen bezala horrelako kapitulu gogorrak ditu liburu honek, baina
beste kapitulu batzuk ere baditu, zu ezagutzea adibidez, kapitulu ederra. Ezagutu
zintuztenok zure lana goraipatu dute, zure indarra, zure kemena, zure
laguntasuna, anitz erran izan da eta hala ere hain gutxi. Ez da hitzik, nik
bederen ez ditut, deskribatzeko zuk emandakoa. Tristura handia sortzen du
utzitako hutsuneak baina zurekin ikasitakoa, zure ondoan borroka egin izana
itzela izan da eta barruko poztasun horrekin gelditzen naiz.
Aspaldian oparitutako gaztainari
begira nago, zure hitz batzuk buruan: Iluntasun handi honek argitasun handiagoa
du atzetik. Argitasuna etorriko da, dudarik ez dut, etortzen denean bihotzean
izanen zaitugu.
Adiorik ez, Aitziber, gero arte
baizik!
No hay comentarios:
Publicar un comentario