lunes, 29 de abril de 2013

Zirkoak, entelekiak eta eguraldi mapak


Zirkoak, entelekiak eta eguraldi mapak


Zentsura mozio baten eztabaida zirko bat zelaren PPk egindako adierazpenak ezin nituen ulertu. Ezintasun hori zerekin erkatzen duzunaren araberakoa da eta suposatzen dut ETB-ren eguraldi mapa askoz ere garrantzitsua dela dagoen ustelkeria salatzea baino. Dena begirune kontua omen da, errespetu instituzionala -Nafarroaren duintasuna eta nortasuna aldarrikatzeko asmoz- eraman dute gaia Parlamentura, ez zirkora …

Euskararen lurraldeko ehunka mapa aurki ditzakegu 1595etik honat, baita frankismo garaian eskolan erabiliak ere, edo ejertzitoak erabiliak … izateagatik bat ere bada Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 1992an argitaratua ditxosozko eguraldi maparen antza berekoa.

Aspaldi PPk Euskal Herriaren existentzia onartu zuen eta, doktrinatzeko ez bazen, izenaren erabilera onetsi. Nik dakidala, eguraldi mapa errepresentazio grafiko bat da eta bere helburua informazioa ematea da ez doktrinatzea. UPPNkoentzat  edozein une doktrinatzeko aproposa izanik eguraldi mapa beraien espainolizazio prozesuan oztopotzat hartzen dute.


2004an Euskaltzaindiak Euskal Herriaren izenaren erabilerari buruzko errepaso polit bat idatzi zuen; 1564an hasita eta nirea egiten dudan gogoeta batekin bukatzen duena:

“Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko eskubiderik”

Horregatik, hain zuzen ere, exijitzen dugu bizi garen “entelekiarekiko”, gure herriarekiko, Euskal Herriarekiko zirkorik gabeko begirunea.

martes, 16 de abril de 2013

ESKRATXEAK


Amerikanismoen hiztegiaren arabera eskratxea pertsona publiko bati delitu larriak leporatzeko salaketa publikoa da. Egoera larri bat salatzeko tresna da eta eskubide murrizketa egoera hau larria da, oso.

Beraz, ez nau harritzen eskratxeen erabilerak, are gehiago, politikatzat hartzen dut. Aktibismoa da, eta aktibismoa, giza mugimenduek politika egiteko erabiltzen duten era, besterik ez da. Politika egiteko modu desberdinak badira, instituzioetan egiten dena ez da politika egiteko modu bakarra, ezin da izan. Murritza da, gero eta murritzagoa, jendartearen gero eta urrunago dago. Hori ulertzea erraza da, nik ere zenbait diskurtso aditzean ohartzen naiz gobernuari babesa ematen diotenak mundu paralelo batean bizi direla.

Izugarrizko diferentziak daude bi mundu horien artean -UPPNren mundua eta mundu erreala- horregatik paralelotzat jotzen ditut, inoiz ez baitira ukituko. Yupiren mundukoek hagitz ongi badakite hariak nola mugitu beraien interesen alde, moduak badituzte beraien iritzia adierazteko baina… murrizketen munduan bizi direnek ez al dute eskubidea beraien iritzia helarazteko? Nahiko al da egoera honetan oposizioan dauden alderdiek duten hitzarekin? Nahiko al da politika “arruntarekin”? Egoera arrunta ez bada erantzuna ezin da ohikoa izan.


Teoriak dio adierazpen askatasuna dugula eta zuzenbide estatuan bizi garela, hau da, azkar erranik, Estatuak ezin duela nahi duena egin, zuzenbideak erraten duena baizik. Hala ere ikusten dugu nola, balizko zuzenbide estatu honetan, Gobernua saiatzen den kexak isilarazten mila moduetan eta eskratxeak zigortzea dagoen ezinegona estaltzeko beste modu bat da, kontrolatu ezin dituzten politika motak ezabatzeko.

Eskratxeak erabiltzea ongi iruditzen zait, beharrezkoa, ez horrela bortizkeria. Ezin dugu besteon askatasuna murriztu gurea aldarrikatzeko, iritzi askatasuna defendatzen dudan heinean PPkoek duten eskubidea pentsatzeko pentsatzen dutena ere defendatzen dut, nahiz eta nire iritziaren kontrakoa izan. Defenda ditzagun gure eskubideak besteonak murriztu gabe, bestela ez da inolako diferentziarik izanen kritikatzen dugun eta egiten dugunaren artean.
 

lunes, 8 de abril de 2013

Eskubideen zapalkuntzarik: ez hemen eta ez inon!


Eskubideen zapalkuntzarik: ez hemen eta ez inon!!

Bai, badakit denoi dagokigula Barcinaz mintzatzea, bere dimisioaz, bere gobernu ezaz, bere “txiringuitismo” politikaz, bere berri onen arrosarioaz, arrosario horren misterio ilun eta mingarriez, eta hori dagokigu besterik ez digutelako ematen. Ez dugu beste errealitaterik, gure errealitate itogarriak -guraizeak eskutan- ernatzen gaitu egunero oroitarazten hor mantentzen dela eskubide gehiago zapaltzeko prest.
 

Hala ere onartuko didazue gaur beste oroimen bat izatea, gaur urte bat Palestinatik bueltatu nintzela, eta ez diot Barcinari utzi nahi oroimen hori nire barrendik ezabatzea. Bidaia laburra izanik hunkigarria suertatu zitzaidan, oso. Lotsaren harresia, Hebronen estratak, egun batean bizirik eta gaur indarrez hartuak, olibondoak, ur eskasia, haurrak, emakumeak… hainbeste bizipen izan ziren… Oraindik burura etortzen zaizkidanean mina sentitzen dut, egoerak amorratu ninduen: injustizia nabarmena, diskriminazio sistematikoa, apartheid politika ezarrita inolako erantzukizunez, erailketak, irizpiderik gabeko atxiloketak, berdin da adina, arrazoirik gabekoak edo hobe erranda arrazoi bakar batekin herri bat desagerraraztea.

Sionismoaren politika, sionismoaren plana zabaltzen da nazioarteko legediaren gainetik, giza eskubideak urratuz, inolako zigorrik gabe, gezurraz gezurra, nazioarteko komunitatearen oniritziz. Mina eta lotsa da sentitzen dudana oroitzean, ez pena…, palestinarren duintasunak eta borrokak ez didate inolako pena sentimendurik sortzen. Are gehiago, indartu, piztu egiten naute, oraindik dut nire buruan Naser Ibrahimen eskaera, gure eskubideen alde, pertsonen berdintasunaren alde borrokatzea, atzerapausorik ez onartzea, borroka hori baita lotzen gaituena.

Horregatik badakit gaur, hemen, gure eskubideak ez galtzeko, duintasunez defendatzen dudanean zentzura mozioa, nire bihotzak bitartean aldarrikatzen duela Palestina libre bat.  

Seguidores