lunes, 1 de junio de 2015

Panderetazko demokrazian txilibituzko eskubideak




Adierazpen askatasuna giza eskubideen artean errekonozitua dago, herrialde anitzen konstituzioetan ikusten ahal dugu eta ez da, ez litzateke izan behar, paperezko eskubide bat, beste bat. Adierazpen askatasuna bermatzea ez da jendeari askatasuna ematea nahi duguna aditzeko, baizik eta bideak irekitzea besteek erran dezaten lasaitasunez pentsatzen dutena, pentsatzen dugunaren kontrakoa izanik ere. Erosoa ez da izanen, funtsezkoa bai demokrazia batean, adituko ditugu gauza batzuk gustuko ez ditugunak, mingarriak izan daitezkeenak baina hori da aniztasuna bermatzea, hori da besteon iritzia errespetatzea. Jakina, askatasun honek nahiko muga sentsudunak ditu, tartean delituak burutzeko deia ez izatea, ez difamatzea.


Gaur Madrilen bilduko da indarkeriaren kontrako batzordea, larunbatean bertan Gobernuak deituta, kopako finalean izandako txistukada delitutzat jota; deigarria da presazko deialdi hau behar izan zutenean 3 aste erabakitzeko deus ez zutela eginen Betiseko jokalari baten bikotekide ohiari buruzko kantu iraingarrien kasuan. Erraza da ulertzeko panderetazko demokrazia batean, txilibituzko eskubideak dituen batean, soilik zen emakume bat ez ereserkia, soilik indarkeria matxista.


Erranen didate nahi duten guztia errespetuari buruz baina ereserkiari txistu egiteak irakurketa erreza du: ereserki honek adierazten duenari kritika da, herriek duten erabakitze eskubidearen aldeko deia da, besterik ez. Horrela izanik, ni ere txistularia!



lunes, 18 de mayo de 2015

Zuria eta beltzaren artean... ortzadarra hobe

Zuria eta beltzaren artean, ortzadarra hobe.
Argitasuna ala iluntasuna, onak ala gaiztoak, ordena ala kaosa horrelako aukerak ematen dizkigu Esparzak sobera pentsa ez dezagun.  Ez dute nahi guk pentsatzea, ez ikustea, ez erabakitzea, beti nahiago izan dute tontotzat hartu eta “gure hobe beharrez” beraiek gure erabakiak hartu. Horri makillaje pittin bat bota eta demokrazia deitu diote, uzten digute 4 urtean behin botoa eman, zer gehiago nahi dugu?


Bere mahaia aski betea ikusten dute, sakelak ongi beteak ere, iluntasunean beteak, gardentasunik gabe, gutxi batzuen onurako, beste guztiak zapalduz. Horrelako egoeran ez dute argirik nahi, ez haize berririk ere, beldurraren mamua astintzea nahiago dute eta betiko leloa, etortzen ahal dena baino hobe da ezagutzen dena, txarra izanik ere.
Beraiek errealitatearen jabe direla eta gu amesgaizto bat garela besterik ez, eta igual arrazoia dute. Ustelkeriak sortutako pobrezia errealitatea da, eta gu beraien amesgaiztoa; ez gaudelako prest onartzeko beraien  soberakinak kudeatzea, papurrak banatzea.
Ez garela gai izanen oreka bat eskaintzeko diote, beraiek egin izan balute bezala! Ikusi izan dudan oreka bakarra beraien sakelakoa izan da.  Balizko aldaketaren zatiketa arazotzat jotzen dute, guk ordez, elkarlanetik Nafarroa berria eraikitzeko aukeratzat jotzen dugu.

UPNren zuri-beltzeko irudiarekin hasi naiz gaur, baina zuria ala beltzaren artean erabaki baino ortzadarra nahiago dut, aberasten gaituen aniztasuna.


lunes, 4 de mayo de 2015

Mozorroak inauterietan ez politikan

Erraz zabaldu den arren nik ez dut uste politikak dena zikintzen duenik, ez dut uste politika egitea txarra denik, are gehiago defendatzen dut politika egitearen beharra, lotsarik gabe egitea. Modan jarri da- oso moda arriskutsua iruditzen zait- zerbait inportante denean, adostasun eta gardentasunaren izenean,  politikatik at utzi behar dela erratea.
Berdintasuna, enplegua, euskara, hezkuntza… ez omen dira orain politika egiteko arloak, hain dira garrantzitsuak politikoen eskutik kanpo utzi behar direla, despolitizatu egin behar direla. Gezurra ederra, kontu bat da erratea adostasuna bilatu behar dugula, ahalik eta zabalena, horrekin bat nator; baina kontzienteak izan gaitezen hori: jendea kontuan hartzea, adostasunak bilatzea politika egitea dela, beste modu batekoa hori bai.   Zertan inbertitzen den, zerbitzu publikoetan inbertitzea ala desegitea, zeren arabera, noiz, norekin  hori guztia erabakitzea, politika da eta guk ez badugu egiten beste batzuek eginen dute guregatik. Eztabaida politikotik urruntzea, humanismo bainu batekin egindako miseriak estali nahi hori mozorroak besterik ez dira.

Horixe da nahi dutena, egiten eta desegiten segitu, urduri daude eta beraien esku dagoen guztia erabiliko dute beldurra sakabanatzeko, inkestak barne, beldur horrek gu geldiarazteko. Ez diezaiogun beldurrik izan politika egiteari, anitz dugu jokoan mozorroetan ibiltzeko, mozorroak inauterietan, ez gobernuetan.


lunes, 20 de abril de 2015

Atzo Faltzesen, larunbatean Anaitasunan .





Faltzesen ibili nintzen atzo josten, gure hizkuntza eta gure herria, petatxurik gabeko jantzi ederra. Jostun anitz baginen ere batzuk faltan sumatu nituen, josi nahi ez dutenak, hariak kentzen aritu direnak urte askotan,  D eredua zabaltzeko baldintzak paratzen segitzen dituztenak, bai, josi ahal izateko mugak gero eta altuagoak altzatzen dituzten horiek.

Beraien legea aldatu egin dute deus ez aldatzeko, makillaje besterik ez da izan, ez dute aurten ere ez D eredua bultzatuko, ezta jantoki eta garraiorako laguntzarik emanen, erran genuen hasieratik, hau beste tranpa bat zela; PSNk berriro UPNren esku utzi nahi zuela hizkuntza politika eta hori ez dela euskarak behar duena.
Euskarak, baita herriak ere, merezi dute errespetua, ez pairatu dugun txiringitismo politika. Politika horri egun gutxi gelditzen bazaio ere aitortu behar dizuet PSNren jokuak kezkatzen nauela, betiko anbiguotasunak amorratzen nauela. Orain, berriro, hauteskunde urtea izanik aldaketaren alde omen daude, orain arte oztopatu duten aldaketaren alde, baina jakina, aho txikiarekin. Benetako asmoa dute partida hau bigarren buelta batean jokatzea. Iraingarria da horrela aritzea, aspaldidanik luzapenean egonda.
Oso luzea izan da legealdi hau, luzeegia, baina baloia hanketan segitu nahi dute, beraien politika, hizkuntza politika barne, segitu nahi dute, bitartean guri dagokigu hilabete eskas honetan euskaraz bizi nahi dugula berriro oihukatzea.

Atzo Faltzesen eta larunbatean Anaitasunan!


lunes, 23 de marzo de 2015

Genozidioa eta errekonozimendua. Hitz potoloak, ekintza meheak


Tar-tar-tar predikatzen dute betiko politikari batzuek, politikagintza berritu behar dela diote eta birsorkuntza horretan dabiltza alderdi batzuk, PSN eta UPN tartean. Hitzak, besterik ez, hitz potoloak.




Ezker abertzaletzat jotzen dut nire burua, eta horrek nonbait baldintzatzen du politika egiteko nire gaitasuna, gurean ez omen dago politika berritzerik, gu denok hiltzaileak gara. Horrela, lasai ederrean bota digute orain dela gutxi. Gizateriaren aurkako krimenak eta genozidio-ekintzak leporatu zizkidaten, ETAri ez, ezker abertzalea osatzen garen guztioi, hitz potoloak hauek ere. Horretarako, nazioarteko deliturik larriena leporatzeko, politikari zahar-berri horiek ez dute epaiketarik behar izan. Motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztiei elkartasuna ez zuten adierazi nahi, krimen batzuk ez dituzte ahaztu nahi, beste batzuk aitortu ere ez.
Ekainean, Parlamentuak Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko eta Omentzeko  artelan bat handitasunez jarri zuen omenezko toki batean. Hilabete batzuk beranduago, 15 aldiz gutxiago gastatuz, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimenduaz kokatu du plaka bat, hori bai: igotzeko eskaileretan, gonbidapen ofizialik gabe eta jendea edonola eskaileretan pilatuta.

Hauek ez dira hitzak, ekintzak baizik. 


lunes, 9 de febrero de 2015

Euskalduna naiz... eta nafarra!!



Aitortuko dut, flamenkoa ez dut gustuko, orokorrean ez naiz ni batere dantzazalea, inoiz ez naiz izan, akaso nahiko dorpea naizelako eta nire erritmoa inoiz ez doalako bat instrumentuek jotzen dutenarekin. Gutxitan hunkitzen nau dantza batek, noizbait bai, azkeneko Berako bestetako aurreskuak, adibidez, baina hori beste gai bat da. Ez dezazuen pentsa harro nagoela honetaz, penatzen nau, jakin badakidalako dantzak, eta folklorea orokorrean, gure ondare kulturalaren barnean daudela, zaindu eta transmititu beharrekoak. Penatuta ere, ez dut uste nire ezgaitasun honek nafartasuna kentzen didanik: nafarra naiz eta… euskalduna! Euskalduna, bai, eta nafarra ez baitira hauek bateraezinak.


Euskararen Legea gustuko ez izanik ere anitzetan irakurri dut, ez legoke gaizki horren defentsa sutsua egiten duenak ongi irakurtzea. Bere helburuak betetzen ez dituen lege honek, bere hitzaurrean dio, hizkuntzek toki nagusia dutela ondare kulturalaren barruan, ez edonolakoa, nagusia! Horretaz gain aitortzen du gizakiek komunikatzeko duten tresnarik onena eta bizitza sozialaren ezinbesteko euskarri direla hizkuntzak, identifikazio kolektiborako osagai eta gizarteko kideen artean bizikidetzarako eta ulermenerako faktore, hau da euskarak nafarragoak egiten gaitu. Kontseilariak, ordez, zein den euskarak merezi duen tokia ahantzita nahiago du flamenkoaren parean jartzea, herri izaera ezabatu nahi du bere hizkuntza eta hezkuntza politika euskara desagerraraztera bideratuz. Espainolak nahi gaitu, ahalik eta nafarrenak izanen gaitu.

lunes, 26 de enero de 2015

Syriza haizeak Esparza jo du




Atzo denok Greziara begira ginen, Syrizaren garaipena pozgarria izan da, oso, austeritatearen kontrako politikak irabazi du, duintasunak irabazi du. Lasai izan, ez naiz ni hasiko nor dagoen hemen Syrizatik gertuago, nor lehenagotik, eta bai, badakit hau ez dela Grezia, Nafarroa bazik. Hala ere ukaezina da gertatutakoak itxaropena piztu duela, aldaketa haizea nabaritu dugula gure aurpegian, Europan hasi den aldaketa  gertu dugula guk ere.
Hauteskundeak hortxe ditugu, eta hasiak gara denok aurre-kanpainaren aurre-kanpainarekin. Esparzak, akaso Syrizak mugitutako haizearen eraginez, auto-aldaketa dakarrela saldu nahian iragarri digu, lotsarik gabe 900 plaza aterako dituela Hezkuntzan hurrengo urtean, azkeneko lau urtetan baino gehiago. Orain arte erran digute ezinezkoa zela, Madrilgo austeritateari jarraituz hemen ezta plaza bat ere ez da atera, hobe zela metatzea; oso garestia dela prozesua eta  gainera dei efektuarengatik lan eskaintzak ekarriko luke kanpoko jende anitz, nahiago izanen dute gureak joan behar izatea.  Ez dute astirik izan, ez dute horretarako dirurik izan, ez dute ikusi  benetako beharra zegoenik ere.

Esparzak bere gozokiaren zergatiak azaldu ditu, plantila egonkortzeko omen da, irakasle izanik apustu handia egin nahi omen du Hezkuntzaren alde, ikastetxe aukeratzeko askatasuna bermatuko duela. Sasi askatasuna izanen da, denok dakigun bezala hemen zenbait diskriminazio eremutan euskaraz ikastea zigortuta dago, sare publikoan irakasleak ito dituztela eta ikasleak metatu Lomceren ezarpenaren zain. Nahita ala nahi gabe, ez dakit; oinak ez dituzte gelatan, beraien gezurrezko Yupiren munduan baizik, ez da Grezia ez, baina hor zein hemen kalitatea bermatzeko karitaterik ez dugu nahi, duintasuna baizik.

lunes, 12 de enero de 2015

Bizitzaren kapitulu gogorrak



Hilabete eskas bat pasa da gaitzak eraman zintuenetik, eta gaur goizean zutaz, zure goxotasunaz,  oroitu naiz berriro ere. Ez dakit erraten zergatik etorri zaidan zure irribarrea burura eta, hor igerilekuko burbuilen artean nengoela, nik ere irribarre egin dut; une horretan erabaki dut gaurko lerro hauek zuri idatziko nizkizula.

Minbiziak eraman zaitu, Aitziber, minbizi madarikatu horrek; sobera goiz eraman zaitu eta ez digu aukerarik eman elkarrekin galdutako apustua ordaintzeko, ezta beste batzuk irabazteko ere.
Bizitzak horrelako kapritxo ulertezinak ditu, zuk erraten zenuen bezala horrelako kapitulu gogorrak ditu liburu honek, baina beste kapitulu batzuk ere baditu, zu ezagutzea adibidez, kapitulu ederra. Ezagutu zintuztenok zure lana goraipatu dute, zure indarra, zure kemena, zure laguntasuna, anitz erran izan da eta hala ere hain gutxi. Ez da hitzik, nik bederen ez ditut, deskribatzeko zuk emandakoa. Tristura handia sortzen du utzitako hutsuneak baina zurekin ikasitakoa, zure ondoan borroka egin izana itzela izan da eta barruko poztasun horrekin gelditzen naiz.

Aspaldian oparitutako gaztainari begira nago, zure hitz batzuk buruan: Iluntasun handi honek argitasun handiagoa du atzetik. Argitasuna etorriko da, dudarik ez dut, etortzen denean bihotzean izanen zaitugu.

Adiorik ez, Aitziber, gero arte baizik!

miércoles, 7 de enero de 2015

Apartheid politikaren aurrean:BDZ


Nire aurpegian segituan nabaritzen da sentitzen dudana, harridura, haserrea, tristura, berdin da zer,  ez omen naiz antzezle ona;  Anat Ben Sun eta Shalma Khoury gurekin egon zirenean ere horrela izan zen. Baloratzen dut, jakina, beraien bakearen aldeko apustua baina ez dut bidea konpartitzen. Bakeak oinarri justua eta sendoa behar du eta horretarako uste dut ahaztezina dela gaurko abiapuntua, orain dela 66 urte hasitako garbiketa etnikoa. Abiapuntua ez da antzekoak diren bi indarren arteko gatazka, ez da orekarik, indar handiagotu batek, Israelgo Estatuak, zapaltzen du txikiagotzen saiatu diren beste herri bat. Horrelako egoera baten aurrean neutraltasuna bidegabekeriatzat jotzen dut, pertsonalki eta politikoki nire apustua oso desberdina da: BDZ. 



BDZ Kanpaina biolentziarik gabeko erresistentzia zibileko tresna dela azpimarratu nahi dut, 2005ean hasia, 194 erakunde palestinar baino gehiagok abiatuta eta Hegoafrikak apartheid-i boikot nazioarteko kanpainan oinarrituta, ondorengo helburuekin: Palestinaren okupazioa bukatzea eta Harresia desegitea; errefuxiatu palestinarren itzultzeko eskubidea onartzea; eta Israelen bizi diren israeldar-palestinarrei eskubideen berdintasuna bermatzea. Israelek Nazioarteko Zuzenbidea bete dezan eta entitate sionistak inposatutako Apartheid sistema salatzeko asmoz egina ez da kanpaina arrazista; kolonizazio eta garbiketa etnikoaren kontra zuzendutako kanpaina da. BDZ  antisemitatzat jotzea ez du zentzurik: propaganda sionista beti saiatu da antisemitismoa eta antisionismoa nahasten, kontzeptu biak guztiz aurkakoak izanik. Antisemitismoa arrazismo forma bat da eta jazarria eta zigortua izan behar da, baina antisionismoak estatu Israeldarraren definizio etniko-konfesionala zalantzan ipintzen du eta Israeleko hiritar arabiarrek pairatzen duten arrazako eta erlijioko irizpideetan oinarritutako bereizkeria instituzionala eta legalari aurre egiten dio.

Nazioarteko komunitateak lana handia du Israelen krimenak geldiarazteko, momentuz inpunitatea da nagusiki ikusi dudan erantzuna, horregatik, beste alde batera ez begiratzeko tresnarik eraginkorrena iruditzen zaidalako, nire erantzun pertsonala eta politikoa BDZ babestea da.

Seguidores