lunes, 15 de diciembre de 2014

Hiztegi berezi bat behar dut, PSNko hizkuntza-euskara



Gabonak gertu ditugu, bederen horrela ematen du nola dauden merkataritza guneak ikusita. Txikiak eskolan zirenean Olentzerori gutuna idazterakoan hiztegia eskatzea ohikoa zen; orain etxean handitu zaizkit semeak eta inoiz baino beharra handiagoa dut hiztegi berezi bat ekar diezadan. Kontua da ez dakidala ezta zein den ulertzen ez dudan hizkuntza hori, PSNkoaz ari naiz, Nafarroan anitz erabiltzen duten arren Madrilgoek ere menperatzen dute, ez dakit nik ez ote duten hor sortu eta hemengoek ikasi.
Larunbatean Madrildik etorri zen Pedro Sanchez Nafarroako sozialistei zoriontzera, bere harrotasuna adieraztera, nafarren interes orokorrari lehentasuna emateagatik harro omen dago eta. Lan bikainaz mintzatu zen eta bukatu zuen erranez PSNk aldaketa ekarriko duela Nafarroara.
Hori horrela, buruan mila galdera igerian ditut:  Zein izan da nafarren interes orokorra?, Barzinatoa babestea? ; Zer da lan bikaina? Eta zein da ekarri nahi duten aldaketa, nondik???  Egiatan ez dakit Olentzerok aurkituko duen horrelako hiztegirik, zaila du topatzea zein den iruzurraz hitz egiteko interes orokorra erraten duen hizkuntzak; zeinek jotzen duen bikaintzat oinarrizko errenta murriztea. Zertaz ari diren aldaketa aipatzen dutenean eta nondik ekarri nahi omen duten ere misterio handia da; akaso Madrildik ekarri nahi izanen dute, beraien neo-hizkuntza bezala. 
Bitartean milaka pertsona ari ginen kaleetan aldaketa sozialaren alde, Nafarroan denon artean erabaki behar dugun aldaketaren alde.
Olentzerok ekartzen badit hiztegia oparituko diet maiatzean aldaketa zer den uler dezaten.


lunes, 1 de diciembre de 2014

Euskal meloiak




Navarrometroren lurrikara guztiz bukatu gabe Euskararen meloia ireki beharra dagoela ikusi nuen prentsan. Meloia? Pentsatu nuen, zein meloia? Ireki behar da? Ez al da irekia? Nork egin behar du zer? Meloiaren ideia honi bueltak eman dizkiot buruan, adituen aipamenari, onenei. Hezkuntza munduan ohikoa denez adituen iritzia bilatzea badakigu gai korapilatsu gehienetan topatuko ditugula aditu batzuk gauza bat defendatzen eta beste batzuk kontrakoa, bakoitzak bere argudioekin.
Adibidez, sexuaren araberako ikasleen banaketa babesten duten ikerketak badira baita kontrakoa diotenak ere. Hori zer da, meloia ala sandia? Eztabaidatzeko prest gauden zerbait da? Prest ginateke emakumeen eskubideak zalantzan jartzeko, ala errekonozitzeko soilik zenbait tokitan? Onartuko genuke sexu bereizketa eskolan, parkean, dantzetan, politikan? Badakit, bai oraindik.holakoak gertatzen direla eta horietako batzuk urteetan izan dituzte defendatzaile sutsuak. Hor dago tranpa nire ustez, ez dago fruta ireki beharrik, irekita dago aspaldi. Eskubideaz ari gara, gure kasuan hizkuntza eskubideaz, gure ondare kulturalaz.

Adituak behar dira, jakina,  baina ez soilik. Politika ez da murrizten ikerketa tekniko batzuetara,  politikan baloreak ere badira eta diskriminazio eza horietako bat izan behar da, batzuk ez badira ohartu oraindik ere hemen ez dago meloi historikorik hizkuntza apartheid baizik.

lunes, 17 de noviembre de 2014

Sahararen independentziara nekerik gabe

Madrilen egon gara nekatzen ez den herri baten ondoan. Gure errekonozimendua, gure babesa, gure elkartasuna eramateko asmoz joan gara. 39 urte basamortuan, 39 urte etxeko giltza eskuan prest, 39 urte zain. Nekatu ez, nazkatu bai. Urte anitz, sobera, zain segitzeko. Erantzunak behar dituzte, irtenbideak, irtenbide duinak eta ez Maroko kontent gelditzeko sasi hitzarmenak.

Agindutakoa betetzea aldarrikatzen dute, kolonizazioarekin bukatzea, Nazio Batuek argi eta garbi adierazi dute saharar herriak determinazio libreko bere eskubidea erabiliz konpondu behar dela gatazka.
Europar Batasunak, hitz politak erabiliz eta beste alde batera begiratuz, demokrazia-lezioak ematen dituen bitartean, legez kanpo negoziatzen du Marokorekin lurraldeko natur baliabideen ustiapena (arrantza, fosfatoak…).
Ez du bakarrik baimentzen Sahara herriari lapurtzea, bere ondasunak kentzea, okupazio basatia eta errepresioa ere onartzen du. Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharako lurraldeetan bizi den populazioak jasaten ari den egoera latza, giza eskubideen urraketak, hilketak, bitartean (MINURSO) Nazio Batuen mundu osoan dituen misio guztien artean populazio zibilaren giza eskubideak begiratzeko eskumenik ez duen misio bakarra da. Hobe  bizi da begiak itxita.

Gazteek eta ez hain gazteek argi dute, gerrara ez dutela joan nahi: etxera joan nahi dute! bidean hiltzen badituzte … pazientzia faltarengatik ez da izanen. 





lunes, 3 de noviembre de 2014

Barzilandiako pitzadurak




ESAn agertu dira pitzadura berriak eta elkarteek salatutako erabateko larritasunaren aurrean, izan dugu Gobernuaren ohiko erantzuna, ohiko lasaitasuna, betiko gezurrak. Gertatutakoa “azaleko fenomenoa” besterik ez dela dio Morrasek ez lehenagoko bezalakoa, barnealdekoa zena. Kontrakoa dirudien arren jarraipen teknikoa handia omen da atzetik ESAko kasuan, segurtasun handia baina … badaezpada ere, aspaldi desjabetu dituzte.


Ez dakit nik Gobernuan gertatzen ari dena, oraingo pitzadura politikoak, azalekoak diren ala barnealdekoak. Itxuraz moldatzen saiatzen ari diren bitartean, beste alde batera begirarazten gaituzte erranez zeinen polita den Barzilandia. Horrek ez du funtzionatzen, dagoeneko nahiko kea irentsi dugu eta keak ez ditu pitzadurak ixten. Ustelkeria egon da, eta okerrena da normaltzat hartzen dutela, ez dutela argitu nahi, erosoak sentitzen baitira bere lan egiteko modu horretan, zikinkeriaz eta gezurretan murgilduak. Gobernuaren kasuan akaso eginak dituzte segurtasun ikerketa potoloak, eta barnekoei errana diete lasai egoteko, baina berdin da nora begira; Hezkuntzara, Giza Politiketara, Osasungintzara ala Osasunera….Kaosa eta iluntasuna dira nagusi.


Hauek bai azkeneko pitzadurak direla, sistema zahar baten pitzadurak, erortzear dago Barzilandia fobiez eta gezurrez egindako zutabeak ez baitira gai herri libre bat sostengatzeko. 


domingo, 2 de noviembre de 2014

PAI, UN CONSENSO A LA NAVARRA.






La política educativa de este Gobierno se basa en la imposición, lo ha hecho así desde el principio de la legislatura, buscando siempre en Madrid las excusas para darle una vuelta más a una tuerca que hace tiempo se pasó de rosca. Impulso de la autonomía de los centros de papel mojado en palabras huecas, control y censura de hecho. Nunca ha creído en esa autonomía, del mismo modo que tampoco lo ha hecho en el reconocimiento de la labor docente, no le ha temblado la voz para repetir la cantinela del adoctrinamiento en las aulas; mucha calidad con la boca pequeña mientras que con mano firme y cínica sonrisa sigue los dictados de la LOMCE. Afirma Iribas que él nunca hubiera reformado la ley educativa al estilo Wert, él hubiera buscado consensos, a la navarra supongo, aquellos que garanticen de partida la exclusión de quien no le gusta.
Son muchas las comparecencias que hemos pedido, para recibir explicaciones de uno u otro tema, en gran parte de ellas hemos solicitado que nos proporcionen los datos por escrito, no me parece esto algo tan descabellado pero por algún motivo que desconozco no solo se resiste a ello si no que aprovecha la ocasión para practicar uno de sus deportes favoritos, intentar ridiculizar a la oposición. Nos remite a la lectura de lo que llama el “diario principal” para tener por escrito los resultados de la supuesta evaluación del PAI en una comparecencia a petición propia. Igual me he perdido algún capítulo de esta historia pero creo que no necesito que venga el Consejero para leerme la prensa: ni rápida, ni lentamente, ni la principal ni la secundaria. Tampoco quiero que por enésima vez nos repita lo que tal o cual sindicato publica en sus comunicaciones o en su página web, si bien los sindicatos no saben de educación en su opinión, hace un seguimiento férreo de sus declaraciones.
Se han vendido las maravillas de un programa sin  que nadie sepa muy bien que objetivos busca en realidad. Se supone que querían fomentar la equidad, la igualdad de oportunidades, la excelencia, la modernidad. Todo por, para y en inglés, sin contar con quienes tienen que llevarlo a la práctica, sin escuchar al profesorado; en contra de claustros, comisiones de coordinación pedagógica, equipos de dirección, etc. Enseñar inglés es necesario, por supuesto, eso no lo duda nadie, el conocimiento de las lenguas es fuente de enriquecimiento; enseñar en inglés puede ser bueno, o no. Eso es lo que se ha cuestionado, el cómo, las formas, la falta de criterios claros, la falta de medios, la precipitación…
No es serio que nos presenten una colección de datos como si fuese una evaluación, todo bajo el mantra de “datos objetivos”, los datos no son ni objetivos ni subjetivos, lo importante es la interpretación que se hace de los mismos. Queremos conocer cómo se han obtenido, qué criterios se han seguido, qué indicadores se han utilizado, quedan muchas cuestiones en el aire, cuestiones que forman parte de los mínimos exigibles en cualquier evaluación. Será por eso que el Consejero explica que esto responde a su voluntad y no a ninguna petición, no, desde luego a una de las primeras mociones debatidas en la Comisión de Educación esta legislatura que instaba a la realización de un estudio de lo que el anterior Gobierno había reconocido como experimento. Dado el carácter interno y orientativo de estas pruebas, reconocido por el Departamento en respuesta parlamentaria, no es admisible que se utilicen las evaluaciones diagnósticas para realizar comparaciones entre centros ni para responder de si un programa ha alcanzado unos objetivos, sin ninguna concreción. Los estadillos de resultados académicos tampoco parecen una evaluación de este ni de ningún otro programa.
Sin datos, afirma Iribas, lo que queda es opinión. El hecho de aportar unos intervalos y unas medias, no convierte a la opinión en evaluación. Los números no transforman un experimento en un programa educativo, los números se interpretan, se leen y esa lectura puede contener un sesgo que en vez de acercarnos a la realidad la desvirtúe por completo. El proceso de evaluación es mucho más serio que esa lluvia de horquillas que nos ha proporcionado a través, eso sí, de la prensa. Datos los suyos, tan datos como las encuestas realizadas por los sindicatos, tanto como las críticas profesionales que ponen de manifiesto las lagunas, océanos, vividos en los centros.
Reclama el Consejero un respeto a las familias que escogen el PAI, los centros que han optado por esta posibilidad, sus claustros y sus equipos directivos, por supuesto que sí, pero  se le olvida que también son dignas del mismo quienes no lo escogen, quienes lo apoyan y quienes lo critican. Ya vale de tildar nuestras críticas de panfletarias, de mofarse de nuestras preocupaciones y veamos si es cierto que se buscan el consenso  y la participación.
Por si alguien tiene dudas: esto es una opinión, formada después de escuchar muchas quejas pero solo opinión; no pretende ser el resultado de una investigación. Tampoco responde a ninguna consigna partidista como tiene costumbre de reprochar  Iribas, no es un acto de obediencia o sumisión a un supuesto dueño. Esta recriminación solo se entiende en boca de quien fomenta el control y practica la imposición. Yo, creo en la libertad de opinión, en la mía y en la ajena,  en el Parlamento y en el aula.

miércoles, 22 de octubre de 2014

Eta "zurea" zer? Nireak ere, izena du. Buruko gaitzak

ETA ZUREA ZER? NIREAK ERE, IZENA DU



Asteburu honetan lazo arrosak ikusi izan ditugu berriro non-nahi, arrosaz  jantzi dugu gure bizitza. Motel bada ere, batzuentzako akaso sobera motel, uste dut ari garela erraza ez den bide bat egiten. Borroka bat irabazten ari gara, minbizia gaur izendatzen dugu, ez dugu ezkutatzen, ari gara bai ikustarazten, kontzientzia sortzen, bazterkeria baztertzen, beldurrak uxatzen. Aspaldiko kanpaina batek  inpaktatu ninduen:  Eta zurea zer? Nireak, minbizia izena du.
Beste gaixotasun batzuek ere bere nazioarteko eguna dute, urriaren 10ean buruko
gaitzak izan ziren protagonista. Beldurra diogula gai honi erranen nuke, burua galtzeak izutzen gaitu. Ez da gai ezaguna, oraindik gainetik oin puntetan pasatzen gara, aipatu bai baina kontuz! ez dezaten pentsa jota gaudela.
Buruko mundu honetan gauza anitz dugu ezagutzeko, ez dira, ez, matematikak, ez dakigu oso ongi zerk eta nola funtzionatzen duen, baztertuak izateari beldurra diogu. Aurtengo leloak buruak irekitzeko eta estigmak ixteko eskatzen zuen;  buruak ireki, liburuak irekitzen diren bezala ikasteko, disfrutatzeko, zauriak ixteko, estigmak alde batera uzteko.

Naturaltasunez hitz egin dezagun, eta zurea zer? galdetzean, beldurrik gabe erantzun dezagun. Izendatzen ditugun munstroak, ezkutatzen ez ditugun horiek, irabazteko errazagoak baitira. 

martes, 14 de octubre de 2014

Liburuak, LOMCE, euskara eta zorriak

Hauteskundeak gertu daude eta batzuek erabakia dute zein izanen den erabilitako diskurtsoa, betiko argudioak ala hobe errana betiko argudio eza, edozein aitzakia ona da euskalfobia adierazteko, beldurra aisatzeko. Jakina da PPkoek gutxiesten dutela gure kezka hizkuntzaren inguruan eta UPNri eskaini diotela laguntza euskara urruntzeko ahalik eta gehien, ezkutatzeko.




Beraien errealitate bakarreko pulpitutik askoz ere inportanteagoak diren gauzak ahazten ditugula leporatzen digute, jakizue beraiek bai argi dituztela lehentasunak.
Adibidez, zorriei buruz hitz egiteko agerraldia eskatu zuten, eskaeraren arrazoiak azaltzerakoan ikastetxeak zorriz josirik zirela zirudien. Plaga hori dela eta familien kezka, benetakoa, ez da kalitatezko hezkuntza baizik eta zer produktua erostea. Hezkuntzarako aurrekontuan, Wertek bekak murriztu dituen bitartean, Nafarroan zorriak hiltzeko produktuak erosteko dirulaguntza aurreikusi nahi dute. Sendagai batzuk laguntzatik kanpo utzi eta koordainketa sistema zabaldu duen alderdia horrelakorik defendatzea harrigarria iruditu zitzaidan baina hori baina okerragorik ere aditu behar izan genuen. Oraindik ez dut ulertzen zergatik baina zorrien agerraldia hasi zen testuliburuen aipamenarekin, PPk euskara eta euskal literatura lantzeko liburuen zentsura zoriondu zuen.

Hasia naiz pentsatzen akaso zorriek ez dutela izan begirunerik Nafarroako errealitate instituzionalarekin, igual entelekiak nahasi egin dituela, ez dakit, baina pedikulosiarekiko tamainako kezka bakarrik uler daiteke zonifikazioa hautsi duten zorri euskaldunak badira.


lunes, 22 de septiembre de 2014

PAI, izarrak eta otoitzak

Hezkuntza legegintzaldia den honetan Barcinak otoitz egiten du, hasierako iragarpen hori urrun dago baina orduan hasitako murrizketa zaparradan ez da modurik aterpea bilatzeko, etengabeko ekaitza bizitzen dugu hezkuntza publikoan.
Iribasek desbideratu gabe irmo segitzen du jabeak zehaztutako bidea; horretan erakutsi digute hezkuntza komunitatea hautsia nahiago dutela, hezkuntzan burutzen den lana uneoro zalantzan jarriz gurasoak irakasleen kontra agertzea dute helburu. Hasieran ordu kontua izan zen, gutxi zenez eskola ordu gehiago ezarri zuten, aurreko ikasturtean D ereduaren kontrako erasoa, orain PAIri dagokio txanda, ingelesez ikasteko programari.
Ez, ez da gai berria, aspaldikoak ere egindako kritikak. Nahita saiatu dira bazterrak nahasten, hizkuntzak kontrajartzen, ezinbesteko aukeraz mozorrotu dute ebaluaziorik gabeko sasi-programa hau baina egia azaleratzen ari da. Horren gaineko argia ez dator beraien izar faltsu honetatik, hezkuntzan aritzen diren sindikatu guztiek programaren gabezi larriak adierazi dituzte.
Iribasen erantzuna, zein? Sindikatuek ez dakitela hezkuntzaz, ez dakit ba zertaz jakinen duten! Harritzeko modukoa litzateke ezagutuko ez bagenu betiko estrategia. Oraingo eraso honetan, irakasleek aldaketari beldurra diote, erosotasunean murgilduta daude eta ez dute berrikuntzarik nahi.
Irakasleok pedagogiaz deus ez dakigu… ikas dezagun ba, atsedenaldietan, otoitz eginez, Jainkoaren inspirazioaz.


domingo, 21 de septiembre de 2014

Sorgin lilak Beran? Sutan ezin erre amatxien bilobetako bat.

Aspaldidanik idatzia, baina konpartitu gabe...


Zugarramurdin bai, aditzen da noiznahi sorginak gohiti behiti, liburu batzuk eta pelikularen bat eta guzti dute;  hor jaio gabe ere bagara anitz sutan joan ez ginenak. Ez dakit kategoria hori, sorginena, merezi dugun baina bederen bagara, Inkisizioak ezin erre -ala erre zituen- gure amatxien bilobak,
Esaerak dioen bezala gu ere, ginelako gara, eta garelako izanen gara; orain, eta belaunaldiz belaunaldi,  eta ez Jainko baten izenean, ez! Akaso sagarra baten izenenean, jakinminaren izenean, bizitzaren izenean… ez dakit, batek daki zeren izenean. Hemen gaude, zaude, nago.
Beste urte batean hemen ditugu gure bestak, eta aurten beste toki batzuetan gertatutakoa ikusita ez dugu aukera galdu nahi, ez dugu beste aldera begiratu nahi. Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan ozenki oihukatuko dugu nahiko dela, aski dela, sobera dela. Erasorik ez! Ez hemen eta ez inon.
Ez dugu ohitu behar, ezta nahi ere, horrelako berrietara. Guzti honen azpian desoreka dago, desberdintasuna. Ez da bakarrik jazarpen fisikorik, badira beste batzuk, nesken alderdi psikosozialean eragiten dutenak eta eraso mota hauek, eta edozein eraso fisiko bezain arriskutsuak direla.

Ez galdetu niri zer den erasoa, zuk ere badakizu. Badakizu, nik bezala, noiz begirada hori ez den gonbidapen bat eraso baizik. Emakumeok pertsonak gara eta berdintasuna ikurra izanik ez dut uste bigarren mailako inor ez dagoenik, berdin da zein den sexua, zein duen gustoko, zein den azalaren kolorea, zein hizkuntza… pertsonak gara. Ni erasotzen banauzu denok gara erasotuak, berdin zu erasotzen bazaituzte, hor egonen gara denok lilaz bustiak, berdintasunez jantziak. Ezetz erraten duzunean ezetz delako, ez da azalpen gehiagorik behar, ez zait inporta, ez zaigu, zer edo zenbat edan duzun, zer jantzi duzun gaur, berdin da. “Ez “ erran duzu, ez dago gehiagorik galdetu behar.
Bestak hemen, bueltan, daude. Usaindu, disfrutatu, hartu zure esparrua, zurea ere delako.

Gure amatxiren bat inkisizioko sutan erre izanen dute, aspaldi, bera bai, hil zen baina ez bere borroka. Ez dezagun utzi beraiek hasitako borroka erretzea. Ez da urte erraza izan emakumeon eskubideontzako, egia erran… inoren eskubideontzako. Gure gorputzaren inguruko erabaki askeak ukatu nahi dizkigute, horren aurrean argi aldarrikatu behar dugu gure identitate sexuala askatasunez bizitzeko eskubidea, gure erabakiak hartzekoa. Hau ez da emakume ala gizon izateko kontua, askatasun kontua baizik, horregatik hain zuzen,  gure helburua argi eta garbi adierazi behar dugu:  Hemen, Beran, ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.

Argi izan dezagun denok ez dagoela  gozamenik errespeturik gabekoa. Momenturen batean erasotua sentitzen bazara zalantzarik ez izan, hemen gaude, lila puntua bilatu, 112ra  ala 016ra deitu, mesedez, zuregatik eta niregatik ere. 

lunes, 16 de junio de 2014

Ekarri bueltan gureak ere

Bi hilabete pasa dira Boko Haram talde islamistak 200 neska bahi zituela Nigeriako eskola batean. Zentzugabekeri bat, beste bat, hau erlijioaren izenean, neskak izateagatik bahituak, gauzak balira bezala hartu eta salerosketarako prest. "Ekarri bueltan gure neskak" lelopean  sare sozialetan ikusi ahal izan dugu familiei adierazitako babesa, kanpaina honetan ezagun ospetsu batzuk  agertu dira.
Ostegunean Israelek 3 gazteren desagerpena salatu zuen baina, kasu honetan, ez dute kanpaina bat martxan jarri mutilak bueltan ekartzeko, ez. Holako ziberaktibismo ez doa beraiekin, beste modu eraginkorragoak nahiago dituzte. 125 palestinar baino gehiago bahitu zituzten atzo, gaur Hebron setiatua dago, etxeratze deipean eta…  ez da deus gertatzen, hemen ez da nazioarteko kanpainarik izanen, haur palestinarrak hil zituztenean bezala. Haur palestinar anitz beldurrez oheratzen dira, ea gau horretan beraien bila joanen diren, atxiloketa sistematikoak ohikoak dira, familia guztietan badira horrelako kasuak.
Non ziren orduan, edozein egunetan, eta non dira orain kartelak gureak bueltan ekartzeko? Ala akaso ume hauek ez dira gureak?

Palestinarrak buruan eta bihotzean ditudalako, beraien egoera latza salatzeko hitza eman nuelako, gaurkoa bukatuko dut erranez:  “EKARRI BUELTAN GUREAK ERE”


lunes, 2 de junio de 2014

Aldaketarako bidean, motxilarik ez?


Nik motxila bat baino gehiago dut, kolore desberdinetakoak, egoera desberdinentzat. Nahiko betea daramat nire eguneroko motxila eta aitortzen dut beti ez dudala indar nahikorik eramateko, hori bai, zorte handiko emakumea naiz eta lagunak ditut -kolore desberdinetakoak ere- hor daudenak beti prest laguntzeko. Egunero zerbait sartu eta zerbait atera egiten dut; anitzetan klaseak  bukatzean, galdetzen nien ikasleei zer eramaten zuten motxilan, eta ez nintzen bokataz ari, ikasitakoaz baizik

Bakoitzak dugu gurea, ez dut uste inor dagoenik motxila gabekorik, haurtzarotik baguzi gauzak hartzen, gure baloreak, gure sinesmenak, gure beldurrak ere. Hor daude, eta ez ditugu desagerrarazi behar, kudeatu baizik, jakin behar dugu nora goazen eta norekin, zer behar dugun bidai horretako, zer sartu eta zertarako.


Lidergoan sinesten dut, bai, eta liderrak jakin behar du nondik norakoak, ez du bidea bakarrik egin behar, besteokin batera baizik, besteok laguntzeko prest, laguntza eta aholkuak jasotzeko prest.
 Ni ez nator Roberto Jimenezekin bat, liderrak motxila behar du, ez edozein modukoa: garbia behar du izan! eta handia gainera, esperientziez eta baloreez ongi betea. Aldaketarako bidea ez da motza izanen eta horrelakoetan ezin da motxilarik gabe ibili.

lunes, 19 de mayo de 2014

Cañeteren hezkuntza teoria "iraultzaile"





Zaialagoa da emakume batekin eztabaidatzea? Zergatik? Ez al dakigu emakumeok gure argudioak erabiltzen? Ala argudiorik ez dugu?

Kontsiderazio hutsa Cañete jaunarena, dena egin zuen, ez azaleratzeko ez dituen pentsamendu matxistak. Bera matxista? Bai, zera…
Suposatzen dut teoria horri jarraituz oso zaila dela haur batekin eztabaidatzea, hobe da beti irabazten uztea, mugak ez jartzea,  gaixua ohartu ez dadin ez dela mailara iristen. Ekitatea, berdintasuna, inklusibotasuna, bahh  hezkuntza teoria zaharrak dira.
Cañeteren teoria berri honekin hasi naiz ulertzen hezkuntza segregatua.  Irakasleontzat oso zaila izanen da dakitena transmititzea, akaso mutilekin posible da, matxoteak ez dira gutxiago sentituko, baina neskatoek…ez dute ulertuko, ez dute gaitasun nahikorik beraien gutxiagotasuna onartzeko. Txikitan etxean amatxoek irakatsiko diete “zerbait “beraien seme alabei gero eskolak bukatu ahal izateko doktrinamendu lana, eta behin eskolan hobe banatzea,bai.  Neskak ez ohartzeko ez direla heltzen mutilen mailetara eta mutilek konplexurik gabe garatuko dute bere inteligentzia gorena.


Cañeteren teoria, bere miseria propioak estaltzeko ona, baina …  kurioso bada ere gure ikastetxeetan, anitzetan, neskek lortzen dituzte emaitza hobeak. "Kontsiderazioaz" irakasleok oparitutakoak, zalantzarik ez.

lunes, 5 de mayo de 2014

Irakasleen gehiegizko soldata. PPren amu irenstezina.



PPk anitzetan hitz egiten du irakasleen errekonozimenduaz, funtzeskoak omen arrakastarako,  irakasle  bihurtu du autoritate publikoa … asko mintzatu bai, sinetsi batere ez.
Krisia dela eta, jasangarritasunaren izenean, aurrezteko neurriak ezarri izan zituzten. Gero eta ardura gehiago, gai gehiago gelan jorratu behar, arloa zein den berdin izanik, kanpoko hizkuntzak ezinbestekoak, teknologi berriak ere bide beretsutik. Ikasleekin zuzenean ematen diren orduak  lan orduak direla ikustarazi dute. Irakasleek ez dute  koordinazioarako astirik behar, ez berrikuntzik , ez formaziorik, soilik, zientzia infusatik gauzatu behar Espiritu Santuak diona.

Hezkunta kalitate hobetzeko asmatu dute lege bat tokiz tokiko emaitzak eta beharrak kontuan hartzen ez dituena, zentralizazioa eta haustura soziala helburu duena. Gauza on bakarra ikusi dut nik LOMCEn, hezkuntza komunitatea elkartzea lortu duela hezkuntzaren alde agertzeko. 


Hori ez zaie gustatu eta orain amu berria bota du Gomendio andereak: sobera altua da irakasleen soldata. Berak bota, komunikabide batzuek zabaldu eta langileen arteko eztabaida sortu. Hurrengo murrizketa zerbitzatua dugu, beste bat, zalantza bakarra zenbatekoa izanen den oraingoa.
Modu ederra  irakasleen lana aitortzeko,hobeak bururatzen zaizkit ere.

lunes, 7 de abril de 2014

Ardoa eta pastak baino, merengezko tartak nahiago ditut




Betidanik urtebetetzeak ospatzea izan dut gustuko, behin baino gehiagotan egiten dut, familiakin, lagunekin, lanean…. Badakit urteko beste egun bat besterik ez dela baina urte berria bezala hartzen dut, erronka berriei aurre egiteko unea.  Ametsak, planak egin … indarrak berritu, egindakoaz ikasi eta ospatu, ospatzeko arrazoiak nekez bada ere bilatzen saiatzen naiz.
Ez dut erranen denei gustatzen zaizkigula holako ospakizunak baina, aste honetan bertan, ardoa eta pastak ekarrita, baten batek Parlamentuan ere ospatu nahi izan duela argi gelditu zaigu. Amorrua eman dit, iraingarria suertatu zait. Hori baino gehiago behar dugu denok; zoritxarrez dugun panorama latza ez da moldatuko irribarre batekin, ardo eta pasta madarikatu horiek hartuta. Gehiago behar dugu irensteko beste urte bat, gehiago jakiteko zer eginen dugun euskaltegiekin, komunikabideekin,  haur eskolekin…
Hezkuntza legegintzaldia litzatekeela erran zigun parlamentuan Barcinak bere lehenbiziko diskurtsoan, ez genekien orduan, hezkuntza publikoa desegiteaz ari zela, murrizketa bukaezinetaz, etengabeko erasoetaz… Ez du lortu eta ez du lortuko.

Urtebetzeetan, anitz urtez erran ohi dugu baina kasu honetan ezin dut halakorik bota, ez da pertsonala baina irenstezina egiten zait beste urte batez pairatu behar izatea. Ardoa eta pastak ekarri ditu… nik merengezko tartak nahiago ditut. 

lunes, 24 de marzo de 2014

EUSKARAREN UDABERRIA


Udaberria heldu da eta berekin espero genezakeen eguraldi onak eskapo egin du, bere ordez elurra etorri da. Elur malutekin udaberriari ongi etorria emateak bere xarma du, Nafarroan horrek ez gaitu harritu, azkeneko boladan ezohikoa dena arrunta bihurtu da. Hala ere, berdin da nola, udaberria jadanik hemen dugu; euskarak ere bere udaberria behar du, berdin da udaberri hori nola hasten den, kontua da bukaera gabeko negua ez onartzea batzuek nahi duten bezala.
Inoiz ez dut ulertu gurasoek mina ematea bere txikiei, gurasoak seme alabei zaintzeko, babesteko, maitatzeko, hezteko, laguntzeko daude. Inoiz ez mina emateko. Euskara ez da haur bat, gurasorik ez ditu, baina izan beharko luke lege bat, hizkuntza politika bat babesteko, sustatzeko, zabaltzeko, sendotzeko. Ez du, ordea, mingarria bada ere sendotu beharko lukeena itotzen saiatzen da behin eta berriro.

Aldaketa garaia dela aditzen dugu nonahi eta egia da eraldaketa behar dugula, ez gezurrezkoa, ez sasi aldaketa. Nik ere uste dut etortzear dagoela, baina ezin gara gelditu nork ekarriko duen zain, aldaketa - euskaraz biziz - gutako bakoitzak ekarriko du elur malutek udaberri ekarri duten bezala. 

lunes, 10 de marzo de 2014

Martxoak abuztu duen arren denak ez du balio





Martxoak ditu atsotitz anitz, beste batzuen artean batek dio txertorik onena martxoan egiten dela, eta akaso hori izan da PSNk egin duena, txertoa prestatu. 15 hilabeteko txertoa, duintasunaren kontrako txertoa, aldaketaren kontrakoa, ilusioaren kontrakoa.
“Barcina ez badoa guk kanporatuko dugu”, halaxe erran zuten PSNkoek. Gaizki hasi ziren, erranez, arrazoiak egotekotan botako luketela baina…arrazoiak aspaldidanik daude, ez dira berriak, ez zen ikerketa batzorderik behar UPNren politika gaitzesteko.  Ez al genekien denok UPPSNko hau txiringito-politika dela? Gu kanpoan izanik ohartu gara, beraiek barrenean egon direnean askoz gehiago jakinen dute, ezta?
Bagenekien fidatzekoak ez zirenik, ez direla, baina pasa ditugu egun batzuk non sinetsi nahi genuen ez zirela berriro ausartuko, ez zigutela berriro ziria sartuko. Bitartean Madrilen zein Nafarroan ederki astindu dituzte betiko mamuak eta horrela 15 hilabete segituko dute gu ixildu nahian .


Atsotitzekin hasi eta horiekin bukatuko dut ere. Martxoak maiazten badu, maiatzak martxotzen duela dio esaera zahar batek, burura etorri zait martxoak aurten abuztu duen arren denak ez duela balio. Abuztu batean anitz ikasi genuen, martxoan oroitarazi digute, hemendik urte bateko maiatzera demostratuko dugu ixilik nahi gaituzten arren menderakaitzak izanen gaituztela. 

Seguidores