lunes, 16 de diciembre de 2013

ETBk ere umezurtz utzi gaitu





Ez dut uste inor harritu izanen denik Barcinaren jarrerarekin ETB-k egindako saiakeraren aurrean. UPNk hagitz ongi badaki aitzakiak asmatzen,  inolako lotsarik gabe aitzaki zerrenda luze bat zabaldu dute garai honetan. Bitartean urteak eman ditugu aldarrikatzen, exijitzen, ETB ikusi ahal izatea. Lehenago errespetu instituzionala aipatu zuten; gero, arazo teknikoak izan ziren argudioa; ondoren, arrazoi ekonomikoak. Aski da ipuinekin, hagitz ongi baitakigu borondate politikoaren kontua dela, eta arazo politikoa izanik erantzuna ere politikoa izan behar da, ez da EITB irtenbidea eman behar duena.

Kezkagarria bada ere UPN Parlamentuaren aginduak ez errespetatzea, kezkagarriagoa da bakarrik konfrontazioan erosoa sentitzea; gatazkan besterik ez daki mugitzen eta ez dagoenean, artifizialki bada ere, sortarazi behar ditu. Jakin ere, badakigu  bide horretan mugitzea ez dela erraza baina penagarria deritzot ETB umezurtz utzi izanari. Guk babesa eman genion EiTBri nahiz eta jakin hori ez zela merezi genuen konponbidea; bigarren mailako trataera irentsi genuen tripako minez itxaropenaren izenean, beraiek bitartean ezta egun bat ere ez diote aurre egin Barcinaren mehatxuari. Triste, oso.

Onartezina da Nafarroan ETB ikusi ala ez Eusko Jaurlaritzan edo Nafarroako Gobernuan dauden agintarien araberakoa izatea. Behin betiko irtenbidea nahi dugu, merezi dugu, horregatik premiatzen ditugu ez EITB, Gobernuak baizik.

lunes, 2 de diciembre de 2013

UPNren hizkuntza politika: euskarari jarritako kontzertina



Euskararen nazioarteko eguneko ospakizunak prestatzen aritu da egun hauetan UPN, bere hizkuntza politika gero eta gehiago zehaztuz. Harrituak, suminduak ere, D ereduaren kriminalizazioa ikusi dugu, irakasleona, familiena, ikasleona, euskararena azken finean. Euskarak dena zikintzen omen du.  Dakigunez UPN-k euskara altxortzat hartzen du, hori bai, altxor debekatutzat. Horregatik zonifikazioa, euskara itotzea, ahalik eta jende gutxien uki dezan, mugak altxatu eta muga horietan laban-xaflak dituen alanbrea, kontzertina deitzen duten horietakoa.

Melillan giza eskubideak urratzen dituen alanbre madarikatu horren eragina egiaztatzen den bitartean- hemen beste hizkuntza politika hilkorrago bat bilatu arte- UPN-k segitzen du bere kontzertina politikarekin. Egia da kontzertinak ez duela minik ematen merengek bezala, ez du kolperik ematen, urratu egiten du larrua, zauritu egiten du, odolustea eragiten du. Gure hizkuntza eskubideak larriki zaurituak daude UPN-ren hizkuntza kontzertina dela eta.  Kasu honetan ere PSN-k “sarrera” beste modu leunago batean kontrolatzea eskatzen du, gure ustez gakoa ez da kontrol mota, berdintasuna baizik. Euskarak merezi duen tratua aldarrikatzen dugu, hizkuntza eskubideak  bermatzea. Ez dugu amore emanen, berdin da zein den jartzen diguten muga, kontzertinak ez du euskara geldituko.


 

viernes, 22 de noviembre de 2013

Yo confieso: soy profesora del modelo D


Yo confieso:  soy profesora del modelo D

Este título de película antigua es el que me ha venido a la cabeza después de unos días de no poder creer lo que leo, pasando de la sorpresa de lo que parecía un chiste de mal gusto a la indignación. Son muchas las veces que con este Gobierno una tiene esa sensación de eterna pecadora aunque tampoco es que lo de pecar me importe mucho. Pecadora, por ser mujer, por ser euskaldún, por ser funcionaria, por ser abertzale y ahora… horror, no solo funcionaria si no profesora y… además en el modelo D.

Sorprende primero que solamente por el mero hecho de impartir docencia en euskara tengamos mayor probabilidad que el resto del personal docente de influir en la ideología de nuestro entorno. Está visto que nuestra lengua tiene un plus sobre el resto, ya sabíamos que nos dotaba de mejor vista, mayor salud y menor necesidad de tener que recurrir a los servicios del Gobierno de Navarra, ahora resulta que también nuestra capacidad de convicción es mayor. Todo son ventajas… creo que en realidad todo esto forma parte de la política lingüística para incentivar el aprendizaje del euskera.

Dejando a un lado el sarcasmo necesario para que no me produzca una úlcera de estómago creo que es reseñable la falta de rigor, poco sorprendente, de la Guardia Civil si es que son ciertas las frases entrecomilladas publicadas el diario ABC.  En este informe supuestamente “reservado” sobre la influencia de la izquierda abertzale en la red de enseñanza pública de la Comunidad Foral de Navarra dice el medio de comunicación que la investigación se centra en las ikastolas, la primera duda que me surge ¿en las ikastolas, en los centros públicos, en ikastolas públicas, en qué quedamos?; seguimos y nos habla de Sortzen-Ikasbatuaz como proyecto educativo nacional que potencia y coordina el trabajo de las ikastolas…. En fin pues si todo este gran informe-estudio de tres folios tiene el mismo rigor que estos dos pequeños detalles ya creo que poco más hay que decir, además de por supuesto añadir que no me parece que tenga nada de nuevo el planteamiento educativo de la izquierda abertzale, basta con echar un vistazo a nuestros programas electorales de cualquier convocatoria electoral.


Sorprende, o no tanto, que quienes se indignaban por intentar recopilar en ficheros los datos de quienes hablan en una u otra lengua calificándolo de práctica discriminatoria y nazi ahora bendigan sin rubor la caza de bruzas sobre la ideología del profesorado del modelo D. Soy abertzale, sí y además defiendo la necesidad de un sistema público de enseñanza de calidad laico que responda a nuestras necesidades y que lo haga partiendo desde nuestra realidad, por supuesto también la sociolingüística. Esto no es nuevo y no me avergüenzo de ello, creo que tengo derecho a tener la ideología que me venga en gana, siempre  que con ello no conculque los derechos fundamentales de nadie. He defendido esta idea sobre el sistema educativo en muchas ocasiones públicamente pero jamás se me ha pasado por la cabeza hacerlo, mezclando churras con merinas, mientras daba clase de matemáticas, o mientras hablaba con las familias.

¿Por qué se ha de poner nuevamente en tela de juicio la profesionalidad de las personas que hablamos en euskera? ¿Alguien cree que no hay gente de ideología abertzale en otros modelos? O ¿No hay personas de otro tipo de ideologías en el modelo D? De hecho si hacemos caso del supuesto informe casi el 75% del profesorado del modelo D no sería abertzale… ¿y este sector no hace proselitismo de su ideología? Un poco de seriedad y de respeto hacia la profesionalidad del profesorado en general, de todos los modelos y de todas las ideologías. No es ésta desde luego la mejor forma de reconocer el trabajo docente, dejen por favor de gastar dinero en estos informes y dedíquenlo a dotar de medios a la educación pública, que buena falta nos hace. Gobernar es priorizar, dicen, pues claro está cuáles son esas prioridades y a mí no me gustan.

lunes, 18 de noviembre de 2013


LOMCE-ren zain

Lasai, inork ez dezala pentsa LOMCE-ren zain nabilela, ahalik eta urrunen orduan eta hobe. Egia erran, oraindik esperantza dut egutegi “esponjatze” horrekin denbora nahiko ez izatea eragin itzulezinik sumatzeko. Hala ere, aipagarria da, batzuek nahiz eta gustukoa ez dutela erran, aitzaki ederra topatu dutela Nafarroako hezkuntza publikoa desegitearekin segitzeko, bereziki euskararekin zerikusia baldin badu. Hona hemen adibide lotsagarri pare bat:

·        A ereduko ikasleek aukeratzerakoan pairatzen duten diskriminazioa errekonozitzen da baina … LOMCE-ren zain deus ez egin erabaki, hau bai euskara bultzatzeko neurri eraginkorra.

·        Biurdana institutuan, espazio arazoak direla eta, ezin dituzte eman Gorputz Heziketako klase guztiak gimnasio batean; kasu honetan ere gauzak aldatuko direnez lege berriarekin, horren zain egon behar… ez dakit pentsatzen duten Olentzero gisa ekarriko digula gimnasio berria.

LOMCE-k, PP-ren hezkuntza politikak, inora ez du eramanen gauza onik, hona noski ezta, haustura soziala eta funtsezko eskubide urraketa dira bere kredentzialak. Bakoitzak ikusiko du zer egin baina ni ez naiz geldituko zain besoak zabalik, ezta gurutzatuak ere. Behar eta merezi dugulako kalitatezko hezkuntza publikoa: LOMCE-ri ez!!!!!


 

lunes, 4 de noviembre de 2013

Teoria ekonomiko berri bat eta LOMCEren doktrinamendu eza


FITERO, MILITAR BATI GUTUN BAT IDAZTEA ETA LOMCEREN DOKTRINAMENDU EZA
  
 


Orain dela egun batzuk Fiteron kuartel berria irekiko dutela irakurri nuen, seguritatea bermatze aldera. Ekimen ona eta eraginkorra omen da enpresak inbertitzen animatzeko, lana erakartzeko, horrela azaldu dute, bederen. Zalantzarik gabe, teoria ekonomiko berri honen barrenean egonen da ikastetxeetan egindako proposamena, Militar bati gutuna idaztearena.

Harritzeko modukoa, irakasleok urteak daramatzagu aldarrikatzen ikastetxeetan bizikidetzaren alde egiten den lana: emozioen kudeaketa eta hitzaren garrantzia gatazken trataeran, bake- kultura zabaltzen eta horri lotuta dauden baloreak…  Bitartean Estatuak- gure ikasleak herri honen gatazka ezagutzeko argitaratuko den liburuan parte hartuko duena- militarismoaren baloreak goraipatzea proposatzen du. Norabide bera daramagu, bai… pena kontrako norantzan joaten direnik, horrela gabiltza beti.

LOMCEk doktrinamendua geletatik ezabatzeko helburua du, ziur? Nik erranen nuke ezabatzeko baino antzinakoak ezartzeko. Hau da: Espainia, ejertzitoa eta eliza.

lunes, 21 de octubre de 2013

Zerutik erortzen den dirua


Zerutik erortzen den dirua

Ziur etxean noizbait aditu duzula dirua ez dela zerutik erortzen, nik aitortu beharra dut, aditzeaz gain erran ere egin dudala. Nire herrian bederen ez da Botinen lorategian bezala gertatzen. Botin jaunaren hitzak normalean arrotzak eta nahiko mingarriak egiten zaizkit baina Pobrezia ezabatzeko nazioarteko egunean aditzea dirua barra-barra sartzen ari dela sumintzeko modukoa izan zen.  Holakorik botatzea pobrezia gero eta handiagoa denean lotsagabekeria ederra da, baina hori noski bost axola, honi inporta zaiona da bere poltsiko betea izatea eta badirudi horrela dagoela.

Aldi berean, egun berean, periodikoetan irakurtzen ahal dugu Oinarrizko jendarte zerbitzuen mankomunitateentzat ez dagoela dirua, 0-3 urteko haur eskolentzako ere ez, babesik gabeko 500 ume baino gehiago daudela, oinarrizko errentari buruz hobe ez solastea ere…

Hau guztia, egunerokoa, ikusita galdera batzuk etortzen zaizkit burura: Non dago diru hori, zerutik erortzen omen dena? Nork dauka? Zergatik ez du behar gehienak dituenak? Banketxeak erreskatatu egin ditugu, bai eta noizko pertsonen erreskatea?



lunes, 7 de octubre de 2013

PImpinela, aldaketa eta inkestak.



Ohikoa den Pimpinela estiloan aritu da Barcina berriro PSNri eskua luzatuz, bere Nafarroa idilikoaren marrazketan behar dituela baitaki. Yolanda bere kantan elkarrekin egindako itzelak  errezitatzen zituen bitartean , Robertok gogorrarena egiten joateko eskatu zion, egia erran kasi denok, ja, alde egiteko exijitu genion.

PSNkoek leporatzen diote lotuta egotea haiek jarritako poltronara baina ezin da ahaztu hortik bota izanen zutela zentsuran mozioan benetako gogoa izanez gero.  Zergatik ez zuten egin? Zergatik berriro baimendu zuten gutxiengo desgobernu hau segitzea? Oraingo proposamena benetakoa da? Ez da izanen betiko kanta bai baino ez, ez baino bai? Zalantza hauek dantzan nituela oroitu naiz ikusitako inkestaren emaitzak, batzuei anitz gustatu zitzaien hor ateratako zenbakiak. Kasualitatea? Ez dut uste…

Nekez sinesten ahal ditut PSNri hainbeste gustatzen zaizkion zenbaki horiek, hain onak direnak “beraien” aldaketaren ideia berpizteko.

Aldaketarako garaia heldu da, batzuen urduritasuna ikusita, hasi dela erranen nuke eta hobe lukete honetan zintzo jokatzea. Aldaketa hasi da -eta zenbaki horiek egia izan ala sukaldean egosiak – onartezina da bazterkeriatik abiatzea, denok beharrezkoak baikara honi buelta emateko.

 

lunes, 23 de septiembre de 2013

Aita Santuaren hitzak eta Nafarroako eskuineko alderdienak.


 

Behin baino gehiagotan hitz egin dut elizaren kontra, nire ustez inposatu dizkiguten kultura, tradizio eta morala oso kaltegarriak izan dira gizakiaren garapen pertsonalerako. Morroiak bilakatu nahi izan gaituzte, beste bizitzan topatuko genukeen esperoan. Emakumeak gizonen menpe eta denok boterea dutenenen menpe. Pobrezian bizitzea goraipatuz aberastasunean bizitzen, kontraesanak eta hipokresiaz betea dago eliza salbuespenez salbuespen.

Elizaren kontra agertzeak ez du erran nahi kristauen kontra nagoenik, kristautasunak  eta elizak gutxi dute amankomunean, nahiko da ebanjelioak irakurtzea, hor agertzen diren ideiak aztertu eta gaurko elizaren portaerarekin erkatu, gaua eta eguna bezalakoak baitira.

Urteak pasa dira, mendeak ere, baina azkenean Aita Santuak -elizaren iritzia denetz ez dakigu- erran du elizaren lehentasunak ezin direla izan abortua ala homosexualen arteko ezkontzak … lehentasuna desberdintasun soziala izan behar dela. Espero dezagun mendeak ez pasatzea Nafarroako eskuinekoak ere horretaz ohartzeko, bitartean emakumeok jarraituko dugu borrokatzen gure gorputzaren jabe izateko.

lunes, 10 de junio de 2013

Bilatu zure puntu lila


Bilatu zure puntu lila

Badakizu puntu lila duzunik? Non dagoen ez dakizula? Ez duzula topatu? Bilatu beldur barik, harrapatuko duzu. Ziur baietz, kontua da gogoz bilatzea eta gero ausartzen bazara erakustea eta besteoi bilatzen laguntzea. Bortzirietan aurten martxan jarriko dugu puntu lila kanpaina eta espero dugu jende ausarta topatzea.  Gure herriko bestak gero eta hurbilago daude eta aukera paregabea iruditzen zaigu sinbolo hau zabaltzeko.
Sinbolo bat, besterik ez, lila da, feminismoaren kolorea ere lila delako, eta puntua da, sinbolo erraza eta adierazle guztiekin: puntu askok osatutako puntua, amaitu dela esateko, “eta puntu”. Bortizkeriarekin bukatzeko azkeneko puntua!
Ez pentsa ez dugula zer egin indarkeria sexistaren kontra, badugu, denok!!! Martxan jarriko dugu kanpaina indarkeria sexistaren aurrean nola jokatu jakin dezagun, horretarako liburuxkak banatuko dira, eta informazio puntu bat izanen dugu gure Sanferminetan- hemen gureak baititugu :) -, bertako irratietan eta ostatuetan kuñak sartuko ditugu, gaur egungo teknologi berriak ere probestuko ditugu ahalik eta jende gehien lilez ukitu ahal izateko.

 
Guk ez dugu uste Pekinen zabaldutako azkeneko aginduetan bezalaxe emakumeoi erran behar digutenik kontrolatzeko gure janzkera ( tamalez hori aditzeko Pekinera ez gara joan behar ere) Bestak gero eta hurbilago ditugu eta orduko denok, emakume zein gizon, jakin beharko genuke gure bizi espazioa dugula, gure gorputza gurea dela.

 Zer egin nahi duzun eta norekin ZUK erabakitzen duzu presiorik gabe, inork ez dauka ezer inposatzeko eskubiderik. Fidatu zaitez zure irizpidearekin: erasoa sentitzen baduzu, erasoa dela erran nahi du.

Deitu 016 zerbitzura, eta oroitu:  EZ ZAUDE BAKARRIK!

 


 

 

lunes, 27 de mayo de 2013

Lurrikara garaiak


Lurrikara garaiak

Neguko eguraldia, negu aparta, ez arrunta, dagoeneko maiatzean eta neguan gaude, egunero joan eta etorri mendatetik barna eta oraindik elurra ikustea ez da, tamalez, zerbait arraroa. Alboetan luiziak, sobera euria bota omen du, beste urte batzuetan baino hiru aldiz gehiago eta lurrak ezin xurgatu. Dena mugitzen zaigu … Bizitzen ari gara inolako zalantzarik gabe lurrikara garaian. Lurrikarak ez soilik fisikoak, ekonomikoak eta politikoak ere bai, edo batez ere horiek dira mugitzen gaituztenak.

Bitartean Gobernu-dortoka, saiatzen da mundutik ihes egiten bere oskola gogor horrekin errealitatetik babestuz, beraientzat ez dago lurrikararik. Saiatzen dira guri demokrazia lekzioak ematen, betiko jokoan segitu nahi dute aritzen, onak eta gaiztoen jokuan, baina ez gaude horretarako, nekatuak gaude horretaz, benetako demokrazia behar dugu, benetako justizia soziala, denontzako eskubide berberak bermatzen dituena. Hemengoa izan ala kanpokoa, emakume zein gizon, presoa zein libre, etiketarik gabeko pertsonen beharrei erantzuten diona.

Itxaropen batekin bizi naiz azkeneko boladan ea egunen batean jaikitzerakoan lurrikararen batek dortoka hankaz gora jarri duen, oskolaren gainean kulunka, miseria guztiak agerian, ea horrela denon artean gai garen bere politikak bidaltzeko Madrilgo lagunenekin batera hemendik urrun. Akaso egunen batean agertuko da berriz eguzkia, ziur baietz,  eta orduan guk ere gure udaberri iraultzailea izanen dugu.

 

lunes, 13 de mayo de 2013

LOMCE: Profilaktikoak erabili ezean, atzera martxa erabiliko dute?


2012ko irailean LOMCE-ren  lehenbiziko zirriborroa ezagutarazi ziguten, horren geroztik pasa dira 9 hilabete, haurdunaldi bat. Orain arte, aurreproiektuarekiko kontrako jarrera adierazi dugu, kalean oihuka eta instituzioetan adierazpen eta mozioen bidez, gure mozioei "profilaktiko" izena jarri diete PPkoek. Profilaktikoak izanen balira hau ekidin izanen genuke baina horretarako berandu da ja … haurra bidean dago. Haurra malformazioekin dator eta amaren bizitza, Hezkuntza publikoarena, arriskuan jartzen du, akaso horrengatik aurreko astean kaletik ikusi dugu berriro ere jendeak ezetz erraten diola Hezkuntzaren balizko hobekuntzarako erreformari, ezetz murrizketei, ezetz gezurrei.

Ez dakit kasu honetan zer ekografia berria erakutsi nahi izanen diguten, memoria ekonomiko berri bat?,  beste zirriborro bat? Edozein kasutan kolorezko zelofan paper berria, beste  gezur bat aurrekoen gainetik.  Bere gorputzari buruzko erabakiak hartu nahi dutenei bezala erruduntasun sentsazio bilatu nahi izanen dute. LOMCE-ren kontra agertzen bazara,  atzerakoia zara, beti ezetzean zaude, ez duzu jendartearen garapena bilatzen.  Legea denon onerako baita, sistema jasangarria izateko, eszelenteak izateko… tar, tar, tar.

Nik ez dut hori nahi, denontzako kalitatezko hezkuntza publikoa  integrala nahi dut, inklusiboa, laikoa, ditugun beharrei erantzuten diena, hainbeste eskatzea da?

Gobernuak momentuz atzeratu du prozesua. Prozesua eta lege hauek ez dute inolako babes sozialik, Elizaren ingurukoa besterik ez, eta babes hori ezagutuz, ez aborturik, ez profilaktikorik… bakarrik gelditzen zaigu eskatzea atzera martxako metodoa erabil dezaten eta lege hori argia ikusi behar ez dutenekin batera gorde dezaten.

 
 


LOMCE-ri berriro ezetz borobila

lunes, 29 de abril de 2013

Zirkoak, entelekiak eta eguraldi mapak


Zirkoak, entelekiak eta eguraldi mapak


Zentsura mozio baten eztabaida zirko bat zelaren PPk egindako adierazpenak ezin nituen ulertu. Ezintasun hori zerekin erkatzen duzunaren araberakoa da eta suposatzen dut ETB-ren eguraldi mapa askoz ere garrantzitsua dela dagoen ustelkeria salatzea baino. Dena begirune kontua omen da, errespetu instituzionala -Nafarroaren duintasuna eta nortasuna aldarrikatzeko asmoz- eraman dute gaia Parlamentura, ez zirkora …

Euskararen lurraldeko ehunka mapa aurki ditzakegu 1595etik honat, baita frankismo garaian eskolan erabiliak ere, edo ejertzitoak erabiliak … izateagatik bat ere bada Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 1992an argitaratua ditxosozko eguraldi maparen antza berekoa.

Aspaldi PPk Euskal Herriaren existentzia onartu zuen eta, doktrinatzeko ez bazen, izenaren erabilera onetsi. Nik dakidala, eguraldi mapa errepresentazio grafiko bat da eta bere helburua informazioa ematea da ez doktrinatzea. UPPNkoentzat  edozein une doktrinatzeko aproposa izanik eguraldi mapa beraien espainolizazio prozesuan oztopotzat hartzen dute.


2004an Euskaltzaindiak Euskal Herriaren izenaren erabilerari buruzko errepaso polit bat idatzi zuen; 1564an hasita eta nirea egiten dudan gogoeta batekin bukatzen duena:

“Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko eskubiderik”

Horregatik, hain zuzen ere, exijitzen dugu bizi garen “entelekiarekiko”, gure herriarekiko, Euskal Herriarekiko zirkorik gabeko begirunea.

martes, 16 de abril de 2013

ESKRATXEAK


Amerikanismoen hiztegiaren arabera eskratxea pertsona publiko bati delitu larriak leporatzeko salaketa publikoa da. Egoera larri bat salatzeko tresna da eta eskubide murrizketa egoera hau larria da, oso.

Beraz, ez nau harritzen eskratxeen erabilerak, are gehiago, politikatzat hartzen dut. Aktibismoa da, eta aktibismoa, giza mugimenduek politika egiteko erabiltzen duten era, besterik ez da. Politika egiteko modu desberdinak badira, instituzioetan egiten dena ez da politika egiteko modu bakarra, ezin da izan. Murritza da, gero eta murritzagoa, jendartearen gero eta urrunago dago. Hori ulertzea erraza da, nik ere zenbait diskurtso aditzean ohartzen naiz gobernuari babesa ematen diotenak mundu paralelo batean bizi direla.

Izugarrizko diferentziak daude bi mundu horien artean -UPPNren mundua eta mundu erreala- horregatik paralelotzat jotzen ditut, inoiz ez baitira ukituko. Yupiren mundukoek hagitz ongi badakite hariak nola mugitu beraien interesen alde, moduak badituzte beraien iritzia adierazteko baina… murrizketen munduan bizi direnek ez al dute eskubidea beraien iritzia helarazteko? Nahiko al da egoera honetan oposizioan dauden alderdiek duten hitzarekin? Nahiko al da politika “arruntarekin”? Egoera arrunta ez bada erantzuna ezin da ohikoa izan.


Teoriak dio adierazpen askatasuna dugula eta zuzenbide estatuan bizi garela, hau da, azkar erranik, Estatuak ezin duela nahi duena egin, zuzenbideak erraten duena baizik. Hala ere ikusten dugu nola, balizko zuzenbide estatu honetan, Gobernua saiatzen den kexak isilarazten mila moduetan eta eskratxeak zigortzea dagoen ezinegona estaltzeko beste modu bat da, kontrolatu ezin dituzten politika motak ezabatzeko.

Eskratxeak erabiltzea ongi iruditzen zait, beharrezkoa, ez horrela bortizkeria. Ezin dugu besteon askatasuna murriztu gurea aldarrikatzeko, iritzi askatasuna defendatzen dudan heinean PPkoek duten eskubidea pentsatzeko pentsatzen dutena ere defendatzen dut, nahiz eta nire iritziaren kontrakoa izan. Defenda ditzagun gure eskubideak besteonak murriztu gabe, bestela ez da inolako diferentziarik izanen kritikatzen dugun eta egiten dugunaren artean.
 

lunes, 8 de abril de 2013

Eskubideen zapalkuntzarik: ez hemen eta ez inon!


Eskubideen zapalkuntzarik: ez hemen eta ez inon!!

Bai, badakit denoi dagokigula Barcinaz mintzatzea, bere dimisioaz, bere gobernu ezaz, bere “txiringuitismo” politikaz, bere berri onen arrosarioaz, arrosario horren misterio ilun eta mingarriez, eta hori dagokigu besterik ez digutelako ematen. Ez dugu beste errealitaterik, gure errealitate itogarriak -guraizeak eskutan- ernatzen gaitu egunero oroitarazten hor mantentzen dela eskubide gehiago zapaltzeko prest.
 

Hala ere onartuko didazue gaur beste oroimen bat izatea, gaur urte bat Palestinatik bueltatu nintzela, eta ez diot Barcinari utzi nahi oroimen hori nire barrendik ezabatzea. Bidaia laburra izanik hunkigarria suertatu zitzaidan, oso. Lotsaren harresia, Hebronen estratak, egun batean bizirik eta gaur indarrez hartuak, olibondoak, ur eskasia, haurrak, emakumeak… hainbeste bizipen izan ziren… Oraindik burura etortzen zaizkidanean mina sentitzen dut, egoerak amorratu ninduen: injustizia nabarmena, diskriminazio sistematikoa, apartheid politika ezarrita inolako erantzukizunez, erailketak, irizpiderik gabeko atxiloketak, berdin da adina, arrazoirik gabekoak edo hobe erranda arrazoi bakar batekin herri bat desagerraraztea.

Sionismoaren politika, sionismoaren plana zabaltzen da nazioarteko legediaren gainetik, giza eskubideak urratuz, inolako zigorrik gabe, gezurraz gezurra, nazioarteko komunitatearen oniritziz. Mina eta lotsa da sentitzen dudana oroitzean, ez pena…, palestinarren duintasunak eta borrokak ez didate inolako pena sentimendurik sortzen. Are gehiago, indartu, piztu egiten naute, oraindik dut nire buruan Naser Ibrahimen eskaera, gure eskubideen alde, pertsonen berdintasunaren alde borrokatzea, atzerapausorik ez onartzea, borroka hori baita lotzen gaituena.

Horregatik badakit gaur, hemen, gure eskubideak ez galtzeko, duintasunez defendatzen dudanean zentzura mozioa, nire bihotzak bitartean aldarrikatzen duela Palestina libre bat.  

lunes, 11 de marzo de 2013

Arrazoiren bat topa egiteko emakumearen egunean?


Arrazoiren bat topa egiteko emakumearen egunean?

Emakumearen eguna pasa da, beste behin, egun bat, beste bat, besterik ez da izan, ospatu beharrekoa, ala ez…

Ospatzearena ez dut beti argi … ospakizun eguna baino aldarrikapen eguna da, beste bat, noski, aldarrikatzearena ezin baita egun bakar batean gelditu. Hamaika emakumeren lana eta borroka eskertzea eta aitortzea ezinbestekoa egiten zait, beraiengatik baititut ditudan eskubideak. Beraiengatik eta guregatik ere, ez nuke  lan hori zakarrontzira bota nahi. Egungo egoera ez da makala eta erraza izan daiteke berdintasuna, eskubideak beste momenturako uztea, murrizketa garai honetan atzera egitea. Egunero, borrokan segitu behar dugu, betaurreko moreak jantzi eta ikusezintasuna salatu, neketsua bada ere, gure betebeharra da, denona.

Egunero hormaren kontra jo arren batzuetan ematen du horma inoiz ez dela eroriko, gure aurrean handiagoa ere egiten dela ematen du. Etsigarria suerta daiteke eta orduan etsipen hori bere tokian uzteko asmoarekin, pentsatzen dut martxoaren 8an, bederen egun horretan, borrokatzeaz gain ospatzeko arrazoirik badela. Ezagutzen nautenek badakite gustuko dudala topa egitea, saiatzen naiz beti arrazoiaren bat bilatzen, batzuetan beste batzuetan baina zailago egiten baitzait ere azkenean beti lortzen dut zerbait botatzea.

Ostiralean, ez zen erraza aurkitzea osasun batzordea atera ondoren, dieta nazkagarriak izan genuen mintzagai, baina ez “kanbreatzen” gaituzten dieta horiek …, ospitaleko dietak baizik. Dietetika arloko ordezkariak (emakumeak) etorri ziren, ez dakit posible den azalpen argigarriagoak ematea, egoera larria da eta horrela da Gobernu honek horrela izatea onartu duelako, onartzen duelako. Bitartean bertsio ofiziala (Gobernuko trajedun gizon gatzuk emana) saiatzen da langileek diotena gutxiesten, alarmistak izatea leporatzen digute, prentsa sentsazionalista erabiltzen omen dugu. Nazkagarria egin zitzaidan beraien harrotasuna …

Hala ere berdintasunaren alde egin genuen topa, lore gutxiago eta eskubide gehiago eskatuz, irri batzuk bota genituen ere… bitartean ez genekien Nevenka, Ponferradako alkate ordea izan zena, gure eguna ospatzen ari ginen egun berean, berriro eraso egin zutela… Batzuetan politika nazka ematen dit, hau izan da horietako momentu bat. Egindakoari ezin zaio politika deitu, duintasunagatik, justiziagatik, berdintasunagatik, ezin da biktima ahaztuta biktimarioari berriro boterea eman eta protagonista bihurtu. Triste eta penagarria da, … gaur ere topa eginen dut, gaur Nevenkaren ausardiaz!!

Emakumeen kontrako bortizkeriaren aurrean isilpenik ez!!!
 

lunes, 25 de febrero de 2013

Langabeziaren kontra,eskubideen alde, borroka soziala, denon borroka!!!


Azkeneko egunotan, gauza bat eta bestea, batzuei aditu behar izan diegu erakundeekiko errespetua eskatzen. Honekin zalantza batzuk sortu zaizkit, zer da hori? Zer da erakundeekiko errespetua? 

Gaizki al da Goya sari banaketan erratea batzuek erran zutena? Deserosoa bai, ziur, baina ez zait desegokia iruditzen murrizketen aurkako aldarrikapenak egitea. Kalean dagoen zerbait plazaratu zuten besterik ez, kulturari Gobernuak egiten dion mesprezua, desjabetzeak, giza arloko murrizketak oro har. Errespetua funtsezkoa da, ezinbestekoa baina ez bakarrik erakundeekikoa … Zein da Gobernu horrek  adierazten duen errespetua langabetuekiko? Ahaztu zaie orain errespetuz hitz egin dutenei Madrilgo Kongresuan botatako “izorrai” famatu hori? funtzionarioei zer errespetua adierazten die Gobernuak? Egoera larria da, hainbeste urtetan irabazitako eskubideez ari gara, dirua lapurtzeaz gain, eskubideek egunero pairatzen dute murrizketaren bat, bitartean, zer da egin behar duguna? Zer nahi dute egitea? Isilik egon?

Goya sari banaketa niri urrun suertatu zitzaidan baina … hara non, oso egoera antzekoa bizi genuen azkeneko plenoan, langabetuen asanblada palkotik oihuka hasi zenean. Batek baino gehiagok, presidentea barne, lotsagabekeriatzat hartu zuen, damutzeko zerbait, espektakulo desatsegina, baldarkeria zela aditu behar …

 Parlamentuan badirudi bakarrik parlamentariook hitz egin dezakegula, eta egia bada ere horretarako gaudela, Gobernua kontrolatzeko, bakoitzak bere neurrian ordezkatzeko ordezkatu beharrekoa, … nahiko al da horrekin? Beharrezkoa bai, nahiko ez.

Instituzioak inportanteak dira, baina ez dira parte hartzeko modu bakarra, ez genuke deuseztatu behar mugimenduen beste aktibismo hori, osagarriak dira, giza mugimenduen ekintzak ezinbestekoak dira, neurrian, ongi antolatuak, errespetuz. Murrizketen politikak frenatzeko uholde bihurtu behar dugu, denok elkarrekin.

Langabeziaren kontra langileen borroka!! oihukatu zen, nik -errespetuz noski- zerbait gaineratuko nuke:

Langabeziaren kontra, eskubideen alde, borroka soziala, denon borroka!!!
 
 

lunes, 11 de febrero de 2013

Gomendioaren gomendioak


Gomendioaren gomendioak

Lana ez dagoenean, langabeziaren zenbakiek izutzen gaituztenean, lana sortzeko politikatan zentratu beharrean, hezkuntzan inbertitu beharrean Unibertsitatea oso garestia ateratzen dela segitzen dugu aditzen, batez ere letretako karrerak… Akaso ikasle batzuek aukera hori izanen dute besteok… hobe dute atzerrira joatea pizzak egitera. Gezurrak gezurren gainean, argudiorik gabe...

Zer da lan irteera? Zer karrerek dute halakorik?  Argi izan beharko dugu, horiek aukeratu behar omen. Adituek diote Unibertsitatean ikastea oso garestia dela eta oraindik aurrera aukeratu beharko dugula Madrildik erraten digutena:  Lan irteera dituzten ikasketak … , espero dut denok ez hartzea bestela lan irteerarik gabe geldituko dira ere…

Halaxe bota du lasai ederrean Hezkuntza Estatuko idazkariak, Gomendio andereak, hau  gomendioa! Abizena ezin hobe datorkio.  Bidenabar probexten du aipatzeko gaur egungo ikasleek jakin gabe aukeratzen dutela, aholkurik gabe, berriro ere tutoreek eta orientatzaileek egiten duten lana ezagutu gabe eta gutxiezten … Ez dakit nork aholkatu zion berari bere unean, ez dakit zergatik aukeratu zuen aukeratu zuena.  Biologia ikasi zuen, Biologiak lan irteera zuen garai horretan? Ikerketa arloan aritu da Gomendio anderea eta horregatik harritzen naute oraindik gehiago bere adierazpenek. Ikerketan aritzea, lan irteera da? Erranen nuke PPk ez duela horrela onartzen, zientzialariek gero eta babesa gutxiago sentitzen dute. Hemen ez dute ez inbestigazioan sinesten, ez hezkuntzan, soilik lan merkatuan, gauzatzat, makinatzat hartzen gaituzte beraientzako diru erreza ateratzeko besterik ez.

Ez naiz ni letretakoa, ezta horrelako sailkapenik egitearen aldekoa. Nahiz eta Unibertsitateko hezkuntza politikan aditua ez izan, argi dut gizartean dauden beharrei erantzuna eman behar diela, Unibertsitateak ezagupenaren oinarria jartzen duela eta hori noski ez dela moldatzen “letretako karrerak” alde batera utzita. Ezin da etxe bat eraiki soilik zementokin, hori baino askoz ere gehiago behar dugu, ez da hala?

lunes, 28 de enero de 2013


UPPN-K BURUJABETZA BAHITU DU

Kataluniako Parlamentuak subiranotasunaren inguruko adierazpena onetsi duen aste berean guk gure parlamentuan aditu behar izan ditugu kontrako muturrean dauden adierazpen  harrigarri batzuk, izugarriak ere erranen nuke.

Izugarriak eduki aldetik, subiranotasuna ez omen dago herrian, ez da herrikoia, nazionala baizik. Izena jarri zion Morras jaunak burujabetzari, eta izena hara non Espainia da. PPko ordezkari batek egin izan balitu adierazpen horiek erranen nuke larriak direla baina perla hauek lasai ederrean bota zituena UPN-ko ordezkari bat izan zen eta horregatik harrigarriak ere suertatu zaizkit. UPN-ko ordezkari bat eta ez edonor eta edonon, Gobernuko kontseilaria eta Parlamentuan, guk dakigula - edo genekiela-  UPN alderdi erregionalista da eta ez zuen hau egin Espainiako Parlamentuan norbaiti kontent uzteko baizik eta gurean, Nafarroakoan!!!!

Hori bai, batzuk gelditu ziren OSO kontent, igual urduritasun politikoa garai honetan puntuak irabazi nahian dabil UPN, akaso demostratu beharrean dago PP-ren aurrean prest dagoela Madrildik etortzen den guztia irenstera.

UPN-ri ez omen zaio hainbeste inporta zer erabakitzen den Nafarroako Parlamentuan, ez bederen beraien kontra denean, jendea nahasten dugu, eskuduntzak gobernuari kendu omen diogu…; eta hori dio dugun erabakitzeko eskubidea apur hori PP-ri oparitu dionak. Bizi ikusteko amak erranen lukeen bezala.

Gobernuak beteko ditu legeak, bai, ongi datozkion legeak, Madrilgoak ez gureak L. UPPN-k burujabetza bahitu du, herriari lapurtu dio baina herriarena dena, zalantzarik ez izan, herrira bueltatuko da.

viernes, 18 de enero de 2013

Por subjuntivo legal


Por subjuntivo legal

Bai, legeak hala aginduta hitza ematen dut. Sí, por imperativo legal prometo.

No creo que haya quien desconozca esta fórmula cada vez más utilizada en muchos ámbitos ante ciertos juramentos o promesas que nos chirrían, yo misma la he utilizado. Había leído hace tiempo que era una fórmula engañosa porque crea dudas sobre lo que se promete, yo por el contrario creía que no dejaba dudas, quien la utiliza no comparte aquello que le intentan “colar” sí o sí. Por imperativo legal hay quien promete y hay quien pertenece a Consejos, es lo que tiene el imperativo, que te obliga. Claro está que hablando de obligaciones podríamos hablar también de imperativos éticos aunque supongo que estos entran dentro de los asuntos privados de cada quien. Estas son las dos únicas explicaciones que nos dan de los negocios poco transparentes de presidenta y compañía.

El modo imperativo se utiliza para dar órdenes, expresar mandatos o deseos, pero cuando queremos expresar esas órdenes en forma de ruego amable se utiliza el subjuntivo, yo creo que en este caso más que por imperativo legal se ha actuado por subjuntivo legal. Amablemente, a gusto, sin mayores problemas para cumplir con lo que hiciera falta, de hecho las órdenes así expresadas se pueden interpretar como recomendaciones mas que como imposiciones; la única imposición que veo en este caso es la que se producía en la cuenta corriente.
El modo subjuntivo es también conocido como el modo de lo hipotético -que no de lo hipotecario- el modo de lo irreal. Las oraciones en presente del subjuntivo expresan deseos, posibilidades, no tratan de hechos concretos, ese es pues el modo más utilizado por este Gobierno, el modo de lo irreal, de lo hipotético, de lo que pudiera ser, de lo que no es, de lo que no conocemos la inmensa mayoría, de lo que viven en ese mundo del que escuchamos hablar, a ese al que en ocasiones me refiero como mundo de Yupi. Me ha costado tiempo pero ahora lo entiendo, ahora comprendo que UPN diga que Nafarroa es un paraíso, sí, su paraíso de agujeros y parches. Agujeros negros que absorben cualquier atisbo de ética y parches cubiertos por dinero a bajo precio y grandes rentabilidades, dinero que para poner en su sitio hay que quitar de otro, dinero que dicen que no hay. Igual hasta es cierto que aquí no hay dinero porque misteriosamente ha emigrado a otros lugares más cálidos mientras aquí la educación, la sanidad, las políticas sociales, la cultura se van muriendo en el frio invierno de los recortes.
Dicen que hemos vivido por encima de nuestras posibilidades, sí, puede que se vea así desde esa torre de marfil, las posibilidades no son las mismas, los derechos no son los mismos.


Mientras a quien menos tiene le toca vivir el modo indicativo de la cruda realidad, sin créditos blandos, sin grandes intereses sobre rentas que no tienen, hay quien por imperativo legal- quede claro- vive de acuerdo a sus posibilidades en el modo subjuntivo, legal o no, eso ya se verá.

lunes, 14 de enero de 2013

Euskaldunon osasun paregabekoa


Hizkuntza inposizioa eta euskaldunon osasun paregabekoa.

Aspaldi dakigu Nafarroan euskaldunok ikusmena hobea dugula erdaldunek baino, horregatik karteletan letra txikiagoa erabiltzen dute euskaraz idazteko. Orokorrean osasun hobea omen dugu,  horregatik osasun kanpainak ez dira beti elebidunak. Aurreko egunean  deskubritu nuen entzumena ere hobea dugula, badirudi euskaldun gorrik ez dagoela, horregatik zeinu hizkuntza erabiltzekotan gazteleraz egin behar omen da.
Egun horretan parlamentura etorri ziren entzuteko urritasuna duten pertsonen elkarteko ordezkariak, beraiekin zeinu hizkuntzako interprete bat etorri zen, lan saio horretan gehienak gaztelaniaz aritu ziren, honaino deus ez berria. Urte berriak ez ditu “betiko” ohiturak aldatu eta bati bururatu zitzaionean euskaraz egitea -hau bekatua- gehienek itzulpena behar izan zuten. PPrentzat hau beste inposizio bat izan zen nahiz eta inolako arazorik gabe, naturaltasun osoz, zeinu hizkuntzako interpreteak kaskoak jarri eta bere lanarekin segitu. Arraroa bada ere, kasu honetan ados nago, hizkuntza inposizio bat egon zen baina ez haiek aipatzen dutena. Beraiek, PPkoek, ez omen dute ulertzen zergatik erabiltzen dugun euskara denok gaztelania ulertzen dugunean, ziur aski berriz ere ahaztu baitzaie euskara gure hizkuntza dela. Hori, edo...igual ez dakite zeinu hizkuntza ez dela unibertsala, beraz kontuan izanik itzulpena gaztelaniatik izan zela; bietako bat aukeratu egin behar: edo urratu zen euskaldun gorrek duten eskubidea euskaratik itzulpena izateko edo ez dago euskaldun gorra denik.

Zalantzarik gabe, bigarrena aukeratzen dut, argi dago Nafarroan osasunaren alde egiten ahal den aukerarik onena euskara jakitea dela.

Seguidores