miércoles, 1 de agosto de 2012

Berako elkartasun kalejira


BERAKO ELKARTASUN  KALEJIRA

Aurten ere izanen dugu Berako bestetan, abuztuaren 4an, elkartasun kalejira. Egia erran hobeto litzateke horrelakorik bestetan ez egotea, ez bestetan eta ez bestelakoetan ere, emakumearen egunarekin gertatzen zaidan bezala nahiago nuke aldarrikapen batzuk gaindituak egotea. UPNko zinegotziari ez zaio gustatzen, niri ere ez, arrazoiak oso desberdinak badira ere. Bereak berak azaldu beharko lituzke, inork ez ditu ezagutuko berak bezain ongi, kostata uler daiteke zergatik ematen dion mina kalean jendea ikustea oinarrizko eskubideak aldarrikatuz, akaso ez zaio gustatzen zerbait mugitzen zaiolako barrenean, “zerbait” ez dutela ongi egin dakielako.

Nire ustez bada garaia honekin bukatzeko. Kontua ez da zigorgabetasunerako oinarriak ezartzea edo batzuen planteamendu ideologikoekin edo pertsonalekin bat egitea, baizik eta gizarte osoaren hobe beharrez jardutea; izan ere, oinarrizko eskubide bat urratzen denean gizarte osoa kaltetua agertzen da; bere erakundeak, bere baitako bizikidetasuna eta bere etorkizuna. Presoen sakabanaketa salatu dut, hori ez da inoiz ona izan eta ez da inoiz ere izanen,  presoen familien eskubideen kontra doa, familiak zigortuak agertzen baitira. Urte anitz, sobera, pasa dugu ikusten batzuei ukatzen zitzaiela politika egiteko aukera. Ikusi dugu pertsona anitz, sobera ere, espetxera eraman dutela politika egiteagatik. Ez ETA kideak izateagatik, ez ETArekin zerikusia izateagatik edo ETAri laguntza emateagatik. Ez, politika egiteagatik preso, ez dakit ze talde kide izateagatik preso. Kode Penalaren oinarrizko arau bat ahantziz, hau da, delitua pertsonala dela esateari utzi eta jurisprudentzia zehatz bat martxan jarriz, talde bateko kide izatea nahikoa izan da talde terrorista bateko kidetzat kontsideratua izateko. Horrela izanik ez dut horretan bakarrik gelditu nahi, ez ditugu bakarrik defendatu behar euskal preso politikoen eskubideak, euskaldunak izan ala ez izan, Nafarroakoak izan ala ez, politikoak izan ala ez, preso guztien eskubideak defendatu behar ditugu, pertsona guztien eskubideak, denok baititugu eskubideak. Hau gertatu da, baina ez da gertatu den bakarra, ez da minik izan alde bakar batean eta hori ez genuke ahantzi behar, jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori egin behar zaio aitortza. Bakea eraikitzeko aukera paregabea dugu aurrean eta horretarako oinarria zein den argi izan behar dugu: egia, justizia eta biktimen erreparazioa, biktima guztien erreparazioa.

“Garai berri baten aurrean gaude”… hori ez dakit zenbat aldiz erran dudan eta aditu beste hainbeste..  Hitz bat aipatzeagatik ez da errealitatea bihurtzen eta batzuetan beldurra dut ea hainbeste aldiz erranez eta entzunez aro berri aitzinean gaudela ez diogula garrantzia kenduko. Hitz egitea beharrezkoa da, izendatzen ez dena ez baita existitzen baina ez da nahiko.  Gure errealitatea berria izanen da guk berria egiten badugu, gu hitzetatik ekintzetara pasatzen bagara. Eszenatokia desberdina bada ere ez da deus ere aldatuko gure ekintzak betikoak badira. Gauza berriak eta ausartak egitea ez da batere erraza. Ez dut erraten noski denon gustukoa, hori ezinezkoa dela aspaldidanik barneratua dut. Kontua da zer den bakoitzarentzako berria, zer den egin beharrezkoa, nork erabaki behar duen zer egin nahi duen, nola, noiz eta zergatik.

Bukatzeko hasi bezala; elkartasun kalejira aurten ere egonen da Beran nahiz eta bestetako programan agertu ez. Egia da erabaki hau hartu dela Kultur Batzordean adierazitakoaren kontran eta horrela onartzen dut baina ez da izan batek alkateari egindako mehatxuei kasu eginez, ez eta beste batzuek eginiko presioak arreta eginez ere. Ez da agertu gustuko ez ditugun legeen arabera gauza anitz arriskuan jartzen zirelako, gure politika egiteko eskubidea tartean, eta besteontzako defendatzen dugun hori guretako ere defendatzeko beharrean gaude. Beste herrietan halako erabakirik hartu behar izan dute, legeak hala behartuta eginarazi diete eta egoera ulertuta inoiz ez gara agertu hala beharrez hartutako erabakien kontran. Aipatutako berritasun horri jarraituz,  zaila egiten zait ulertzea zergatik ez dagoen jarrera bera gurekiko, ulertzea zergatik erabiltzen den beste eskala bat neurtzerakoan. Badirudi ez dela bukatu batzuek edozein gauza errateko, pentsatzeko, kalitatezko labela zuten garaia, besteok bitartean beti zerbait demostratu behar dugula ematen du.

Espero dut, bihotzez, horrekin bukatu izana eta elkarrekin lan egitea eta ez elkarren aurka. Bakearen alde lan egin nahi badugu elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu, aniztasunetik, elkarren aitortzatik. Gurea egiten dut erraten duten hori: bakea gugan hasten den hori, haurtzarotik, helduarotik, zahartzarotik, ezagutzatik, hitzetik, keinuetatik, elkartasunetik. Has gaitezen bakea eraikitzen, has gaitezen elkar aditzetik, elkar ulertzetik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores