domingo, 21 de septiembre de 2014

Sorgin lilak Beran? Sutan ezin erre amatxien bilobetako bat.

Aspaldidanik idatzia, baina konpartitu gabe...


Zugarramurdin bai, aditzen da noiznahi sorginak gohiti behiti, liburu batzuk eta pelikularen bat eta guzti dute;  hor jaio gabe ere bagara anitz sutan joan ez ginenak. Ez dakit kategoria hori, sorginena, merezi dugun baina bederen bagara, Inkisizioak ezin erre -ala erre zituen- gure amatxien bilobak,
Esaerak dioen bezala gu ere, ginelako gara, eta garelako izanen gara; orain, eta belaunaldiz belaunaldi,  eta ez Jainko baten izenean, ez! Akaso sagarra baten izenenean, jakinminaren izenean, bizitzaren izenean… ez dakit, batek daki zeren izenean. Hemen gaude, zaude, nago.
Beste urte batean hemen ditugu gure bestak, eta aurten beste toki batzuetan gertatutakoa ikusita ez dugu aukera galdu nahi, ez dugu beste aldera begiratu nahi. Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan ozenki oihukatuko dugu nahiko dela, aski dela, sobera dela. Erasorik ez! Ez hemen eta ez inon.
Ez dugu ohitu behar, ezta nahi ere, horrelako berrietara. Guzti honen azpian desoreka dago, desberdintasuna. Ez da bakarrik jazarpen fisikorik, badira beste batzuk, nesken alderdi psikosozialean eragiten dutenak eta eraso mota hauek, eta edozein eraso fisiko bezain arriskutsuak direla.

Ez galdetu niri zer den erasoa, zuk ere badakizu. Badakizu, nik bezala, noiz begirada hori ez den gonbidapen bat eraso baizik. Emakumeok pertsonak gara eta berdintasuna ikurra izanik ez dut uste bigarren mailako inor ez dagoenik, berdin da zein den sexua, zein duen gustoko, zein den azalaren kolorea, zein hizkuntza… pertsonak gara. Ni erasotzen banauzu denok gara erasotuak, berdin zu erasotzen bazaituzte, hor egonen gara denok lilaz bustiak, berdintasunez jantziak. Ezetz erraten duzunean ezetz delako, ez da azalpen gehiagorik behar, ez zait inporta, ez zaigu, zer edo zenbat edan duzun, zer jantzi duzun gaur, berdin da. “Ez “ erran duzu, ez dago gehiagorik galdetu behar.
Bestak hemen, bueltan, daude. Usaindu, disfrutatu, hartu zure esparrua, zurea ere delako.

Gure amatxiren bat inkisizioko sutan erre izanen dute, aspaldi, bera bai, hil zen baina ez bere borroka. Ez dezagun utzi beraiek hasitako borroka erretzea. Ez da urte erraza izan emakumeon eskubideontzako, egia erran… inoren eskubideontzako. Gure gorputzaren inguruko erabaki askeak ukatu nahi dizkigute, horren aurrean argi aldarrikatu behar dugu gure identitate sexuala askatasunez bizitzeko eskubidea, gure erabakiak hartzekoa. Hau ez da emakume ala gizon izateko kontua, askatasun kontua baizik, horregatik hain zuzen,  gure helburua argi eta garbi adierazi behar dugu:  Hemen, Beran, ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.

Argi izan dezagun denok ez dagoela  gozamenik errespeturik gabekoa. Momenturen batean erasotua sentitzen bazara zalantzarik ez izan, hemen gaude, lila puntua bilatu, 112ra  ala 016ra deitu, mesedez, zuregatik eta niregatik ere. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores