miércoles, 22 de octubre de 2014

Eta "zurea" zer? Nireak ere, izena du. Buruko gaitzak

ETA ZUREA ZER? NIREAK ERE, IZENA DU



Asteburu honetan lazo arrosak ikusi izan ditugu berriro non-nahi, arrosaz  jantzi dugu gure bizitza. Motel bada ere, batzuentzako akaso sobera motel, uste dut ari garela erraza ez den bide bat egiten. Borroka bat irabazten ari gara, minbizia gaur izendatzen dugu, ez dugu ezkutatzen, ari gara bai ikustarazten, kontzientzia sortzen, bazterkeria baztertzen, beldurrak uxatzen. Aspaldiko kanpaina batek  inpaktatu ninduen:  Eta zurea zer? Nireak, minbizia izena du.
Beste gaixotasun batzuek ere bere nazioarteko eguna dute, urriaren 10ean buruko
gaitzak izan ziren protagonista. Beldurra diogula gai honi erranen nuke, burua galtzeak izutzen gaitu. Ez da gai ezaguna, oraindik gainetik oin puntetan pasatzen gara, aipatu bai baina kontuz! ez dezaten pentsa jota gaudela.
Buruko mundu honetan gauza anitz dugu ezagutzeko, ez dira, ez, matematikak, ez dakigu oso ongi zerk eta nola funtzionatzen duen, baztertuak izateari beldurra diogu. Aurtengo leloak buruak irekitzeko eta estigmak ixteko eskatzen zuen;  buruak ireki, liburuak irekitzen diren bezala ikasteko, disfrutatzeko, zauriak ixteko, estigmak alde batera uzteko.

Naturaltasunez hitz egin dezagun, eta zurea zer? galdetzean, beldurrik gabe erantzun dezagun. Izendatzen ditugun munstroak, ezkutatzen ez ditugun horiek, irabazteko errazagoak baitira. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores