lunes, 15 de diciembre de 2014

Hiztegi berezi bat behar dut, PSNko hizkuntza-euskara



Gabonak gertu ditugu, bederen horrela ematen du nola dauden merkataritza guneak ikusita. Txikiak eskolan zirenean Olentzerori gutuna idazterakoan hiztegia eskatzea ohikoa zen; orain etxean handitu zaizkit semeak eta inoiz baino beharra handiagoa dut hiztegi berezi bat ekar diezadan. Kontua da ez dakidala ezta zein den ulertzen ez dudan hizkuntza hori, PSNkoaz ari naiz, Nafarroan anitz erabiltzen duten arren Madrilgoek ere menperatzen dute, ez dakit nik ez ote duten hor sortu eta hemengoek ikasi.
Larunbatean Madrildik etorri zen Pedro Sanchez Nafarroako sozialistei zoriontzera, bere harrotasuna adieraztera, nafarren interes orokorrari lehentasuna emateagatik harro omen dago eta. Lan bikainaz mintzatu zen eta bukatu zuen erranez PSNk aldaketa ekarriko duela Nafarroara.
Hori horrela, buruan mila galdera igerian ditut:  Zein izan da nafarren interes orokorra?, Barzinatoa babestea? ; Zer da lan bikaina? Eta zein da ekarri nahi duten aldaketa, nondik???  Egiatan ez dakit Olentzerok aurkituko duen horrelako hiztegirik, zaila du topatzea zein den iruzurraz hitz egiteko interes orokorra erraten duen hizkuntzak; zeinek jotzen duen bikaintzat oinarrizko errenta murriztea. Zertaz ari diren aldaketa aipatzen dutenean eta nondik ekarri nahi omen duten ere misterio handia da; akaso Madrildik ekarri nahi izanen dute, beraien neo-hizkuntza bezala. 
Bitartean milaka pertsona ari ginen kaleetan aldaketa sozialaren alde, Nafarroan denon artean erabaki behar dugun aldaketaren alde.
Olentzerok ekartzen badit hiztegia oparituko diet maiatzean aldaketa zer den uler dezaten.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores