lunes, 8 de octubre de 2012

Segregazioa ez da hautu bat, bazterkeria baizik.


Segregazioa ez da hautu bat,  bazterkeria baizik.


 

Hezkuntzan sexuaren araberako segregazioaren defendatzaileek bi argudio erabiltzen dituzte: Hautu askatasuna eta lortzen diren emaitza akademikoak.

Zalantzarik gabe, askatasunaren alde nago, baina aldi berean bi kezka  sortzen zaizkit: gaur egun Nafarroan, bada hezkuntzan benetazko hautu askatasuna? Eta bigarrena, askatasunaren izenean, edozein gauza aukeratzea defendatzen ahal da?

Hezkuntza inklusiboaz ahoa betetzen zaigun bitartean, inork ez duenean kuestionatzen larruko kolorearen araberako sailkapena, edo adimen gaitasunaren araberakoa, hara non, sexuaren araberako banaketa justifikatzen da .

Aniztasunak aberasten gaituela erraten dugu behin eta berriz, kasu honetan ez gaitu aberasten? Hezkuntzan saiatu gara gela bereziak alde batera uzten, ikaskuntza kooperatiboak talde heterogeneoak bultzatzen ditu, eta maila eta izaera anitzeko ikasleek kooperatzen dute ikaskuntzan, denon aberastasunerako …

Ez dugu defendatzen heziketa integrala? Akaso, emaitza akademikoak beste emaitzak baino inportanteagoak dira? Hobetzekotan, hori ere eztabaidagarria dela, akademikoak dira hobetzen direnak, hori da gizarteak behar duena? Jakizue heziketa integralaren emaitzak, ez direla neurtzen ahal, buletinetan ematen dizkiguten ikasgai bakoitzari dagozkion zenbakiekin.

PPkoak dira segregazioaren defendatzaile sutsuenak, diskriminazio positiboaren kontran daudenak, hiritartasunerako heziketa doktrinamendua zela baieztatzen zuten berberak. Hau ez al da doktrinatzea?  Gobernuak aski ongi daki eskola dela gizartearen isla, horregatik erabili nahi du gizartea bere moldera ekartzeko, emakumeok etxean gelditzen garen sistema patriarkala bedeinkatuz.  Horretarako badakigu zein den eliza eta PPren bidea: bereizketa; emakumeok horrela izanen dugu “gure lanak” zeintzuk diren ikasteko aukera eta “gure bidetik” ez ateratzeko manera. Beraien familia eredu bakarra ongi zainduz eta mantenduz Intereconomiak zabaldu duen txostenak dioen bezala.

Kalitatezko hezkidetza publikoa merezi dugulako, bazterkeria aukeratzeko askatasunik ez!

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores